Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleek greba eguna dute bihar eta etzi ere, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, "lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoa indartzeko" helburuarekin. Bezperan, elkarretaratzea egin dute Izarraitz Lanbide Heziketa eskolako irakasle batzuek eskolaren atarian, Euskal eskola publikoa indartu lelopean.
Irakasleek urtarrilean hasitako greba zikloaren azken deialdia dute aste honetakoa. Sindikatuak eta Hezkuntza Saila gaur ziren bilera teknikoa egitekoa lan ituna berritzea eztabaidatzeko, baina erakundeak bertan behera utzi du deialdia, "foro horren edukia negoziazio mahai nagusian lantzen ari diren gai multzoaren parte" delako. Grebak albo batera uzteko Hezkuntza Sailaren eskaera mezua ere jaso dute sindikatuek, lanuzteak eragiten duelakoan "negoziazioek aurrera ez" egitea.
Sindikatuek, beren aldetik, azaldu dute greba egin "beste aukerarik ez" dutela: "Pasa den astelehenetik Hezkuntza Sailak ez du proposamen berririk egin, ezta mahai negoziatzailerik deitu ere. Grebalarion aldarrikapenei erantzunik eman gabe, grebak bertan behera uztea beste asmorik ez du agertu". Hori hala, biharko eta etzirako antolatuta jarraitzen dute lanuzteek.