Ezkurdiaren eta Larrazabalen arteko lehiak osatuko du ostiraleko Azkoitiko pilota jaialdia

Andoni Elduaien 2025ko mar. 31a, 12:29

Joseba Ezkurdia. (Aspe)

Gaur goizean aurkeztu dute buruz buruko pilota txapelketa nagusia Donostian, eta han jakinarazi dute apirilaren 4an Azkoitiko Gurea frontoian Joseba Ezkurdia eta Iker Larrazabal arituko direla partida nagusian. 20:45ean hasiko da pilota jaialdia ostiralean.

Ostiralean, apirilak 4, buruz buruko final zortzirenetako bi kanporaketa partida jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Orain arte jakinekoa zen B Serieko txapelketan Unai Alberdi Alberdi II.a pilotari azpeitiarra eta Joseba Aldabe zirela jokatzekoak. Dena den, ezezaguna zen maila nagusiko lehia zein bi pilotarik jokatuko zuten.

Aspe eta Baiko pilota enpresek gaur, astelehena, Donostian egin dute lehen mailako buruz buruko pilota txapelketaren aurkezpena, eta han jakinarazi dute Joseba Ezkurdiak eta Iker Larrazabalek neurtuko dituztela indarrak Azkoitian. Hain justu, atzo binakako txapela irabazi osteko lehen lehia jokatuko du Ezkurdiak Gurean, iaz B Serieko buruz buruko txapelketa irabazi zuen Larrazabalen aurka.

Dena den, hirugarren partida bat ere izango da Azkoitian, eskuz binakakoa, hura txapelketatik kanpokoa. Bakaikoa eta Aranguren ariko dira batetik eta Egiguren V.a eta Erostarbe, bestetik.

Ostiralean, 20:45ean hasiko da jaialdia, eta bi kanporaketa partidetan irabazleak soilik lortuko du txapelketaren final laurdenetara sailkatzea. Azkoitiko partidak ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta lehen solairukoek nahiz errebotekoek, 20 euro.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide