Liga kanporaketetara sailkatzea zailtzen ari zaio Biele ISBri

Andoni Elduaien 2025ko mar. 31a, 09:12

Jovan Stulic saskira begira. (Unai Murillo)

Atzo, igandea, Udea Algeciras ligako azken sailkatuaren aurka galdu zuen etxean ISBko gizonen taldeak. Orain, sailkapeneko zazpigarren koskan dago Merinok zuzendutako taldea. Txanponaren beste aldean, emakumeen taldeak ligako hamalaugarren garaipena eskuratu zuen play-off postuetan den La Salleren etxean, eta beste urrats bat egin du play-offetara begira.

ISBko gizonen taldeak burua altxatu ezinik jarraitzen du. Elkarren segidako laugarren porrota jasan zuen atzo Azpeitian ligako azken sailkatuaren kontra. Udea Algeciras taldeak 63-78 menderatu zuen Biele ISB. Bisitariek zati bakoitzaren aurreneko laurdenetan emandako kolpeak irauli ezinak suertatu zitzaizkion etxeko taldeari. Otsailaren hasieratik garaipen bat baino ez du eskuratu Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta hala, gero eta zailagoa ari zaie jartzen liga kanporaketetara sailkatzea. Azken porrotarekin sailkapeneko zazpigarren posturaino erori dira.

Bisitariek partida serioa bezain osoa jokatu zuten Azpeitiko kiroldegian, eta inoiz ez zuten utzi hasiera-hasieratik hartutako bidea. 2-14 partzialarekin ireki zuen neurketa Algecirasko (Espainia) taldeak, eta gainera, ia une oro mantendu zuen hamar puntu baino gehiagoko errenta. Lehen laurdenaren amaieran, kanpoko taldeak 11 puntuko abantaila zuen markagailuan (15-26).

Egoerak okerrera egin zuen bigarren laurdenaren hasieran; etxekoek punturik pilatu ezinda jarraitzen zutenean, kanpokoek sei puntu pilatu zituzten, eta aldea hamazazpi punturaino eraman zuten. Dena den, Merinorenen erreakzioa orduan iritsi zen; 17-3 partzial bati esker, hiru puntura arrimatu zen ISB atsedenaldirako bi minuturen faltan. Saskiaren aurrean otsoek asko asmatu zuten, eta aldiz, bisitariek arazo handiak izan zituzten puntuak batzeko. Nolanahi ere, lehen erdia lau puntu goitik itxi zuten Algeciraskoek (34-38).

Atsedenaldiaren osteko itzulia zinez beltza izan zen otsoentzat. Ohartzerako hamasei puntura egin zuten ihes kanpokoek; ISBk puntu bakar bat batzerako, kanpokoek hamabi saskiratu zituzten. ISB bidea aurkitu ezinik aritu ziren hirugarren laurdenean, eta zortzi puntu saskiratzeko gai baino ez zen izan, arerioek hogei bildu zituzten bitartean. Hala, azken laurdenera 42-58 emaitzarekin iritsi zen dema. 

Errenditu aurreko saiakera egin zuten otsoek, ordea, eta hamar puntura ere hurbildu ziren markagailuan. Hala eta guztiz ere, alferrikakoa izan zen ahalegina, eta garaipena Algecirasko taldeak pilatu zuen; izan ere, 63-78 amaitu zen partida. Waly Niang izan zen etxekoen artean onena, 28 puntu saskiratuta eta 31 puntuko balorazioa lortuta. Datorren jardunaldian, Cordobara (Espainia) egingo dute bidaia Merinorenek Coto Cordobaren aurka jokatzeko (igandea, 12:00).

Helburua gertuago

Luis Agirre Katxi entrenatzaile azpeitiarrak zuzendutako Domusa Teknik ISB emakumeen taldeak, berriz, garaipen garrantzitsua eskuratu zuen herenegun, zapatua, Melillan (Espainia). Club Deportivo La Salle sailkapeneko seigarrenaren etxean 58-63 irabaztea lortu zuten haiek. 

Azkoiti-Azpeitiko taldeak bigarren zatian lortutako aldeari eusten jakin zuen, eta hala poltsikoratu zuten denboraldiko hamalaugarren garaipena. Dena den, lehen zatian etxeko taldea nagusi izan zen kantxan, bereziki, bigarren laurdenean; izan ere, orduan lortu zuten Melillakoek bederatzi puntuko tartea zabaltzea. Atsedenaldian, 32-23 emaitza erakusten zuen markagailuak etxekoen alde.

Ordea, hirugarren laurdenean ISBk lehia berdindu ez ezik, balantza garaipenaren aldera bideratzeko lana egin zuen. Etxekoek hamar puntu baino ez zituzten pilatu orduan, eta ISBk aurreneko bi laurdenetan baino bi puntu gehiago lortu zituen –25 puntu, guztira–. Hala, 42-48 emaitzarekin itxi zuten azken aurreko laurdena, azkenera begira dena airean utziz. Amaierako hamar minutuetan, baina, aurkariaren kolpeei eusten jakin zuen Katxik zuzendutako taldeak, eta aurkari zuzen baten etxean garaipena eskuratzeko gai izan ziren (58-63).

Juana Molina izan zen Domusa Teknik ISBko jokalari onena, hamasei puntu saskiratu eta 24 puntuko balorazioa lortuta. Denboraldi erregularra amaitzeko lau jardunaldi baino ez dira gelditzen, eta horietatik hiru etxean jokatuko ditu ISBk; hurrengo biak, gainera, jarraian jokatuko ditu etxean.

Batetik, zapatuan (18:00), sasoi honetan garaipen bakar bat eskuratuta sailkapeneko azken postuan dagoen Arxil izango dute arerio, Azkoitiko kiroldegian. Apirilaren 12an, berriz, Lima Horta Barcelona izango dute lehiakide Azkoitian, orduan ere 18:00etan. Azken aurreko jardunaldian, berriz, Barakaldora (Bizkaia) egingo du bidaia Azkoiti-Azpeitiko taldeak, indarrak Horbisa Spirit Greenkw Barakaldorekin neurtzeko; azken partida etxean jokatuko dute otsoek Bartzelonaren aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide