Etxetik kanpo, Anaitasunaren gizonak galtzaile eta emakumeak irabazle

Andoni Elduaien 2025ko mar. 30a, 17:35

Ander Pastrian aurkariaren areara sartzen. (Anaitasuna)

Gizonek 1-0 galdu zuten atzo arratsaldean Donostian, Vasconia azken sailkatuaren aurka. Emakumeak ere azkenaren etxean aritu dira gaur, baina haiek 0-3 menderatu dute Altzarrate Laudio taldea.

Asteburuak gozotik adina izan du gazitik Anaitasunarentzat. Loren Barbadok zuzendutako gizonen taldeak 1-0 galdu zuen atzo, zapatua, Donostiako Puio auzoan, Vasconiaren aurka. Aldiz, Mikel Barquerok gidatzen duen emakumeen taldeak 0-3 irabazi du gaur, igandea, Laudion (Araba).

Gizonek parekotasun handia erakutsi zuten lehen minutuetan, eta gainera, ez ziren aukera asko sortzeko gai izan. Aurreneko zatiko lehen 40 minutuetan abagune bakan batzuk baino ez zituzten sortu bi taldeek, eta markagailua hutsean iritsiko zela zirudienean, epaileak etxekoei aurrena egiteko aukera eman zien. Vasconiak penalti bat izan zuen atsedenaldiaren aurretik abantaila hartzeko, baina Aritz Sudupe Anaitasunako atezainak baloia sareetara sartzea ekidin zuen penaltia geldituta. 

Bigarren erdian oldarkorrago agertu zen Barbadoren taldea; bai, behinik behin, aurreneko minutuetan. Xabi Soraluzek baloia zutoinera bidali zuen, esaterako. Nolanahi ere, egoera oker jarri zen 60. minutuan. Etxekoek amaierarako ordu erdia falta zela lortu zuten arratsaldeko lehen eta azken gola. Kontrako egoera horren aurka arraun egin behar izan zuten gorritxoek, eta aukera batzuk sortu zituzten, hala nola Galder Guembek, Bittorrek eta Albik. Azken horrek bi saiakera ere egin zituen.

Amaieran, Vasconiak 1-0 Anaitasunak. Sailkapeneko ezerezeko postuetan jarraitzen du Anaitasunak, 36 punturekin. Azken bi hilabeteetan garaipen bakar bat lortu dute Barbadorenek. Datorren asteburuan ere etxetik kanpo arituko da Anaitasuna; Beasain B taldearen etxean jokatuko dute Azkoitikoek, hain justu, sei puntu gehiago dituen taldearen aurka.

Azkenaren etxean, garaipena

Gizonak bezala, Euskal Ligan diharduen emakumeen taldeak ere sailkapeneko azkenaren etxean aritu behar izan du asteburuan. Gaur, Laudioko (Araba) Altzarrate Laudio taldea 0-3 menderatu dute Barquerorenek. Lehen zatiaren erdian egin dute gorritxoek neurketako aurreneko gola; Aranbarrik egindako korner erdiraketan Maria Juaristik errematatu du baloia, eta aurrelariak buruz ate barrura bidali du.

Aldageletatik bueltan, lehia lehenbailehen bideratzeko asmoa agertu dute gorritxoek, baina bigarren eta hirugarren golak azken hamar minutuetan egin dituzte Azkoitikoek. Huts eta bikoan Jone izan da taldeko golegilea; berriro ere Aranbarrik erdiratutako korner jokaldi batean egin du Barqueroren taldeak gola. Hirugarren eta azken gola, azkenik, Kalarek egin du. Altzarrate Laudioko atzelarien bizkarrera jokatu du taldeak arauzko denbora amaitzear zela, eta erdilariak ez du hutsik egin ate aurrean.

Gaur garaipena lortuta, azken bi asteetako porrotak ahaztu dituzte Anaitasunako emakumeek. 34 puntu dituzte orain, eta sailkapenaren erdiko postuetan jarraitzen dute, inolako arriskurik gabe. Datorren asteburuan, Bilbao Artizarrak taldea izango du Anaitasunak arerio etxea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide