Azkoitiko Sare Herritarrak deituta, dozenaka lagun elkartu zen atzo, ostirala, herriko plazan. Hileko azken ostirala izanik, euskal presoen eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zuten Etxean izan arte lelopean. Atzo, "gatazkaren ondorio guztien konponbidean aurrera egiteko duen beharra" nabarmendu zuten bertaratutakoak.
Adierazi zuten, halaber, azken denboran "aurrerapenen lekuko" izan direla, nahiz eta horiek "oso mantso" jazo. "Guk pentsatu genuena baino mantsoago, baina aurrera goaz, eta azken hiru urteetan, batez ere, bultzada handia gertatu da. Hurrengo urteak baliatu behar ditugu espetxeen auzia behin betiko konpontzeko behar diren urratsak azkartzeko, euskal presoen askatasunari begira aurrera egitea ahalbidetuko duen espetxe politika aplikatuz".
Gaur egun, hirugarren graduaren edo 100.2 artikuluaren bitartez, preso asko espetxetik goizean irten eta gauean itzultzen direla esan zuten, boluntario lana edo lan ordaindua egin ondoren. Dena den, badira baldintzapean aske daudenak edo erdi askatasunaren araubidean ere. "Etxeko lanen zati handi bat eginda gaude, baina pentsatu beharko dugu nola heldu espetxeen auziko azken fasea izan behar duenari. Horrekin batera, gure herrian jasandako indarkerien biktima guztientzako tratamendu duina eta begirunezkoa ekarriko duen akordio bat lortzeko beharra dago", esan zuten.
Haien aburuz, "salbuespenak oztopatzen du" espetxeetako auziaren konponbidea. "Etxerako bidea egiteko salbuespena dute oraindik preso batzuek aurrez-aurre. Gure lana kalean hori gogoraraztea da. Ekin eta behin eta berriz esan ezin dugula hitz egin bakeaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz, legea eta espetxe erregelamenduak aplikatuz gero aske egon beharko lukeen preso bakar bat ere kartzelan uzten bada. Espetxean hamarkada asko daramatzaten presoez ari gara".
Norabide horretan, presoen auziari konponbidea ematea ikusarazteko ekimen baten berri eman zuten atzo arratsaldean: maiatzaren 17an eta 18an, salbuespen egoeran dauden presoak dituzten herrietatik igaroko den ekimena, hain zuzen. "Datozen asteetan emango ditugu ekimen horren inguruko zehaztasun gehiago. Hori esanda eta bukatzeko, beraz, badakigu zein den aurrera egiteko bidea: orain arte bezala, ekin, ekin eta ekin. Jarrai dezagun euskal preso, iheslari eta deportatu guztien behin betiko etxeratzearen alde lanean. Gertuago gaude, lortuko dugu", adierazi zuten.