Atano III.a buruz buruko pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte etzi Gurean

Andoni Elduaien 2025ko mar. 27a, 08:57

Txapelketaren antolatzaileak eta iazko finalistak. (Oteiza pilota elkartea)

Guztira, haurren mailetako sei final jokatuko dituzte zapatuan Gurea frontoian, 11:30ean hasita. Aurten, mende erdia bete du Atano III.a pilotaria zena oroitzea eta omentzea xede duen txapelketak.

Etzi, zapatua, Oteiza pilota elkarteak antolatutako 50. Atano III.a buruz buruko pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte haurrek, Gurea frontoian. 11:30ean hasita, aurre-benjaminen, benjaminen, kimuen eta haurren mailetako finalak ikusteko aukera izango da bertan. Aurtengoa hitzordu berezia izango da; izan ere, mende erdia beteko du Mariano Juaristi Atano III.a pilotaria zena omentzea eta oroitzea xede duen txapelketak.

76 pilotarik parte hartu dute aurtengo buruz buruko txapelketan, eta horietako hamabi sailkatu dira zapatuko finaletara. Hain justu, guztira, urtarrileko azken astetik hona bitartean jokatutako partidetan emaitza onenak batu eta kanporaketak gainditzea lortu duten pilotariek izango dute finala jokatzeko aukera. Hori hala, sei final ikusteko aukera izango dute pilotazaleek Gurean. Hona hemen partida horien guztien zerrenda:

  • Aurre-benjaminen mailan:
    • Oihan Lete - Ian Aragoi
  • Benjaminen B mailan:
    • Oihan Orbegozo - Mattin Azkargorta
  • Benjaminen A mailan:
    • Eki Elorza - Julen Oteiza
  • Kimuen B mailan:
    • Lur Juaristi - Eneko Martija
  • Kimuen A mailan:
    • Mikel Azkune - Oihan Mendizabal
  • Haurren mailan:
    • Ekain Juaristi - Denis Santos

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide