Zapatu arratsaldean jokatuko da Azkoitia eta Azpeitia artean bi herri lotuko dituen Azkoitia-Azpeitia proba. Batetik, maratoi erdia jokatuko dute parte hartzaileek, eta bestetik, 8 kilometroko lasterketa motza. Azkoitiko Julio Urkixo etorbideko 40 zenbakiaren paretik abiatuko dira korrikalariak, eta beraz, trafikoa moztuta izango da puntu horretan. Nolanahi ere, herriko beste zenbait puntutan ere eragingo du lasterketak, baita autobus zerbitzuetan ere.
15:45etik 17:30era bitartean izango du eragina probak herrian, ordu tarte horretan izango baitira trafiko mozketa nagusiak. Julio Urkixo etorbidea ere ordu horretan bertan (15:45) itxiko dute, eta beraz, trafikoa Santa Klara kaletik barrena bideratuko dute udaltzainek. Azkoititik Azpeitira joateko Xabier Munibe ikastola, Zuatzola, Auzmendibidea, Santa Klara eta Munategi lotzen dituen errepidea erabiltzeko gomendioa egin dute. Altzibar ere itxita egongo da, eta ibilgailuek ezingo dute auzo horretatik herrigunera sartu probak irauten duen bitartean. Hala eta guztiz ere, udalak ohartarazi du "oztopo gehien" San Martin, Jausoro edo Txalonerrekako sarrera-irteeretan sor daitezkeela.
Dena den, GI-631 errepidea Txerloia auzoko biribilgunean ixtea ere posible dela azaldu du udalak, Zumarragarako eta Elgoibarrerako noranzkoan. Erakundeak azaldu duenez, Ertzaintzak iaz errepidea itxi egin zuen puntu horretan, eta errepide horren trafiko agintaritza haien eskumena denez, posible da aurten ere hala egitea. Hori horrela, trafiko agintariek Santa Klara, Auzmendi eta Zuazola eremura bideratuko dituzte ibilgailuak.
Autobus zerbitzuetan ere bai
Trafikoan eragina izango duenez, autobus zerbitzuetan ere aldaketak izango direla jakinarazi dute udalak eta Lurraldebusek. Esaterako, Urbanue herri barruko autobus zerbitzua 17:00etan hasiko da bere ohiko ibilbidea egiten, 16:00etan hasi beharrean.
Lurraldebusek ere aldaketak iragarri ditu autobus linea askotan. Azkoitia eta Donostia lotzen dituen UK01 autobusak Txerloian izango du geraleku bakarra Azkoititik Donostiara 16:15ean eta 16:45ean irteten diren zerbitzuei dagokionez. Donostiatik Azkoitira 15:05ean eta 15:35ean abiatzen diren zerbitzuek, berriz, Txerloian eta Altzibarko biribilgunean izango dute geltokia.
Halaber, Txerloia eta Altzibarko biribilgunea izango dituzte geraleku bakarrak honako zerbitzu hauek ere: Azkoitia eta Tolosa arteko UK02 autobus zerbitzuari lotuta, Errezildik 16:30ean irteten den autobusak; Azkoitia eta Zarautz arteko UK03 zerbitzuari dagokionez, Zarauztik 16:05ean irteten den autobusak; Zestoa eta Ermua lotzen dituen UK04 zerbitzuan, Ermutik 16:40ean irteten den autobusak; eta azkenik, Zumaia eta Zumarraga arteko UK06 zerbitzuan, Zumaiatik 16:10ean irteten den autobusak.