Nagusia 80ko lokalaren erabilera zehazteko du udalak

Ane Olaizola 2025ko mar. 26a, 09:22

Nagusia 80 eraikinaren azpiko lokala (Ane Olaizola)

Zaintzari lotutako zerbitzuen azterketa eginda hartuko du udalak Nagusia 80aren azpiko lokalak izango duen erabileraren gaineko erabakia. Hara lekualdatzekotan den jubilatuen elkarteak, berriz, premiazkotzat du han taberna edukitzea.

Amaitzear dituzte Nagusia 80 edo Idiakez Ederra izenez ezaguna den eraikina birgaitzeko lanak Azkoitian, eta hamarkada bat baino gehiagoren ostean, erabilera berria izango du XVII. mendeko etxe berrituak: jakinekoa denez, hamasei etxebizitza libre eraikiko dituzte han, batetik; eta azpiko solairura lekualdatzekoa da Plaza Ondo jubilatuen elkartea, bestetik. Ordea, lokalak duen tamainarengatik, Azkoitiko Udala aztertzen ari da jubilatuen eremuak zer erabilera izango duen. Eztabaida sortu du, bereziki, jubilatuen tabernaren eta haren kokapenaren gaineko "zalantzak", jubilatuen elkartearen nahia baita taberna han edukitzea.

Eraikinaren azpiko lokalak izango duen erabilera zehaztu gabe du gaur-gaurkoz udalak, eta erabakiren bat hartu aurretik beharrezkotzat jo du erakundeak zaintzari lotutako zerbitzuen azterketa egitea. "Pertsona nagusien ongizatea bermatzeko baliabideak, eskaintzen zaizkien jarduerak eta zerbitzuak zein elkarbizitzarako espazioak behar ditugu", esan du, era berean, Ongizate zinegotzi Sonia Vazquezek. Hark Gukari azaldu dionez, udala Matia fundazioarekin batera azterketa bat egiten ari da, eta horretarako "parte hartze prozesua" ere zabaldu du, zaintzaren alorrean dauden beharrak "osotasunean" behatzeko. Hain zuzen, udalak jakinarazi du lanketa amaitu bitartean ez duela "behin betiko" erabakirik hartuko gai horren inguruan.

Jubilatuen elkarteak taberna nahi duela gogoratu du Vazquezek, baina udalak "zalantzak" ditu horren inguruan, besteak beste, espazio berriak "eragozpenak" eragiten dizkiolako funtzionamenduari: "Tabernak Idiakez Ederra azpiko lokalaren espazio osoa hartuko luke, eta jubilatuek beste zerbitzu batzuen beharra ere badute". Ildo horretan, azaldu du "ezinezkoa" dela azpiegitura guztiak hara lekualdatzea. Bestalde, zera gaineratu du: "Herrian tabernak badaude, baina beste nolabaiteko izaera duten jarduerak egiteko guneak, ez". Beraz, herrian dagoen eskaintza "aztertu beharreko gaia" dela deritzo. Haren arabera, azterketa egindakoan erabakiko du erakundeak proiektua nola gauzatuko duen, eta "unea iristen denean" erabakiko du zer egin, "elkartearekin hitz eginda".

Taberna, "beharrezkoa"

Plaza Ondok ere hedabide honi adierazi dio Nagusia 80 eraikinean izango duten eremua "txikiegia" dela elkarteak martxan dituen zerbitzu guztiak zein taberna hara lekualdatzeko. Ordea, zuzendaritzak premiazkotzat jo du jubilatuek taberna bat edukitzea, haiek "zerbait hartuz, lasai egoteko eta sozializatzeko" bilgune bat izan dezaten; bestalde, azaldu du "jubilatu guztien nahia" dela taberna hori Idiakez Ederran kokatzea, pertsona horiek, bereziki gurpil aulkian doazenek edo oinez ibiltzen laguntzen duten tresnak baliatzen dituztenek, oztopo arkitektonikorik ez luketelako izango hara iristeko, orain dagoen lekura, Kultur Etxeko bigarren solairura, ez bezala: "Egungo taberna ez da oso irisgarria jubilatuentzat, eta lokal berrian, aldiz, inork ez luke arazorik izango sartzeko", azpimarratu du elkarteak. Horregatik, Plaza Ondoren nahia da taberna eraikin berrian egokitzea, eta elkarteak martxan dituen bestelako egitasmoak eta ikastaroak, berriz, orain arteko lekuan egiten jarraitzea.

Era berean, elkarteak gogoratu du udala izan zela Plaza Ondori haren egoitza Nagusia 80ra lekualdatzea "eskaini" ziona, eta horrenbestez, eraikin berrian tabernarik jarri ezin bada, negozio hori beste lokalen batean egokitu dezala eskatu dio erakundeari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide