Aspe eta Baiko pilota enpresek Azkoitian B Serieko buruz buruko txapelketa aurkeztu dute gaur, asteartea, Azkoitian. Lehian arituko diren pilotarien berri eman dute Gurea pilotalekuan, baita zozketak egin eta egutegia jakinarazi ere. Aurkezpenean izan dira Igor Isuskiza Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia, Angel Garabieta Caixabankeko zuzendari komertziala, eta Inaxio Errandonea nahiz Unai Iglesias Aspeko eta Baikoko zuzendari komertzialak.
Baikok honako zortzi pilotari hauek aurkeztu ditu txapelketara: Agirre, Senar, Alberdi II.a, Eskiroz, Morgaetxeberria, Lizeaga, Bakaikoa eta Zubizarreta III.a. Aspek, berriz, honako sei hauek: Aldabe, De la Fuente, Egiguren V.a, Exposito, Murua eta Salaberria. Baikoren zortzikote horretatik, baina, bik ez dute B Serieko txapelketako jokatuko. Batetik, Agirrek eta Senarrek lehen mailako txapelketa nork jokatu ebatziko dute datorren zapatuan, hilak 29, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibarren. Irabazleak lortuko du lehen mailako lehian aritzea, eta aldiz, galtzen duenak B Serieko txapelketa jokatuko du. Morgaetxeberriak eta Lizeagak ere egun eta leku berean jokatuko dute beraien arteko dema, eta bakarrak egingo du aurrera B Serieko txapelketan.
Txapelketaren babeslea den Caixabankeko Garabietak adierazi du Oteizaren frontoiak direla pilotaren "leku enblematikoenetariko bat"; izan ere, artistak pilotaren irudikapen bat egin zuen, zazpi frontoi Euskal Herriko zazpi herrialderekin uztartuz. "Pilota tradizioaren eta arkitektoaren modernitatearen arteko nahasketa ezin hobea da", esan du hark. Isuskizak, berriz, "pilotaren sehaskaren" berri eman die pilotariei. "Azkoitiak odolean darama pilota; pilotaren munduan herri gisa badugu iragana, baita historia ere. Oteiza eskolako haurrek eta gaztetxoek frontoi honetan bertan entrenatzen dute, harrobia eraikitzen joateko".
Apirilaren 4an, Azkoitian
Apirilaren 4an, Azkoitiko Gurea frontoian jokatuko dituzte buruz buruko txapelketako final zortzirenetako aurreneko kanporaketak, bai maila nagusian, bai B Serie mailan (20:45). B Serieko zozketak hala ebatzita, Gurean Alberdi II.a azpeitiarra eta Aldabe ariko dira nor baino nor gehiago. Irabazleak Egiguren V.a azpeitiarraren aurka neurtu beharko ditu indarrak.
Txapelketa nagusiko zozketa, aldiz, datorren astean egingo dute, eta orduan jakingo da Azkoitian zein pilotari ariko diren. Dena den, orduko jaialdirako sarrerak salgai daude Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta lehen solairukoek nahiz errebotekoek, 20 euro.
Beste kanporaketak ere ezagutarazi dituzte, ordea: Morgaetxeberriaren eta Lizeagaren arteko irabazlea Expositoren aurka arituko da –final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian Bakaikoa izango du aurkari aurrera egiten duenak–; Eskirozek Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du –kanporaketa gainditzen duenak Salaberria izango du arerio final laurdenetako ligaxkan–; eta De la Fuentek Muruarekin neurtuko ditu indarrak –Agirre eta Senarren arteko galtzailea izango du irabazleak kontrario final laurdenetako ligaxkan–.
Dena den, apirilaren 4ko hitzordua ez da txapelketako bakarra izango Azkoitian; izan ere, maiatzaren 16an Gurean bertan jokatuko dituzte bi finalerdiak.
Hona hemen final zortzirenetako partiden egutegia:
- Apirilak 4, Azkoitia: Alberdi II.a-Aldabe
- Irabazleak Egiguren V.aren aurka jokatuko du apirilaren 13an, Eibarren.
- Apirilak 5, Bilbo: Morgaetxeberria-Lizeaga (martxoaren 29an, Tolosan)/Exposito
- Irabazleak Bakaikoaren aurka jokatuko du apirilaren 11n, Gasteizen.
- Apirilak 5, Tolosa: Eskiroz-Zubizarreta III.a
- Irabazleak Salaberriaren aurka jokatuko du apirilaren 12an, Iruñean.
- Apirilak 5, Iruñea: De la Fuente-Murua
- Irabazleak Agirre-Senar partidako galtzailearen aurka jokatuko du apirilaren 19an, Lekeition.