Kursaaleko 'Amor Furor' kontzertura joateko doako autobusa jarri dute

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 25a, 11:22

Gaelle Arquez mezzosopranoa. (Kursaal.eus)

Le Cercle de l'Harmonie orkestrak eta Gaelle Arquez mezzosopranoak apirilaren 8an egingo duten emanaldirako jarri dute doako joan-etorria egiteko aukera, aurrez sarrera erosi eta izena ematen dutenentzat.

Le Cercle de l'Harmonie orkestrak eta Gaelle Arquez mezzosopranoak Amor Furor izeneko kontzertua eskainiko dute datorren apirilaren 8an, asteartea (19:30), Donostiako Kursaal auditoriumean, eta musika emanaldi horretaz gozatzera Azkoititik joan-etorria egin nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute aukeran, Kursaal Eskura egitasmoaren barruan.

Jeremie Rhorer zuzendariak gidatuta, XVIII. eta XIX. mendeetako opera ezagunetako ariak eskainiko dituzte Kursaalen Le Cercle de l'Harmonie orkestrak eta Gaelle Arquezek; Mozart, Donizzetti, Verdi, Rossini, Gluck, Saint-Saens eta Mendelssohnen sorkuntzak entzuteko aukera izango dute musikazaleek.

Doako autobus zerbitzuari dagokionez, autobusa 18:00etan irtengo da Azkoititik, Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik (Eroski Consum ondotik). Autobusean izena eman ahal izateko, emanaldirako sarrerak erosi behar dira lehendabizi, kursaal.eus webgunean. Sarrera erosi ondoren, joan-etorria doako autobus zerbitzuan egin nahi dutenek nahitaez gorde behar dute tokia, udaleko Kultura sailera deituta (943-85 71 70) edo kultu@azkoitia.eus helbidera idatzita. Izena emateko azken eguna apirilaren 3a da.

Langabetuek eta 30 urtez azpikoek sarrerak hiru eurotan erosi ahalko dituzte. Horiek sarrera eta autobusa erreserbatu beharko dituzte, eta kontzertuaren egunean bertan, Kursaaleko leihatilan adina edota lan egoera egiaztatu ondoren, egin beharko dute ordainketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide