Jende ugari bildu da parrokian Fernando Prado gotzainaren hitzaldia jarraitzeko

Andoni Elduaien 2025ko mar. 25a, 08:34

Jendea Pradoren hitzaldia jarraitzen. (Argazkiak: Azkoitiko Parrokia)

Donostiako Elizbarrutiko ordezkari nagusien hitzaldiak izango dira aste honetan Azkoitiko eta Azpeitiko parrokietan, eta atzo, astelehena, Fernando Prado gotzainak ireki zuen zikloa. Gaur eta bihar izango dira beste bi hitzaldiak.

Azkoitiko eta Azpeitiko parrokiek antolatuta, Fernando Prado Donostiako Elizbarrutiko gotzainak hitzaldia eskaini zuen atzo, astelehena, Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. 19:00etan hasi zen haren saioa; izan ere, 17:00etan, Azpeitiko parrokian eskaini zuen hark Berarengan gure itxaropena izeneko hitzaldia. Jende ugari bildu zen parrokian, eta Prado gotzainak kristauentzat "Jesus itxaropena" dela nabarmendu zuen.

Gaur, asteartea, eta bihar, asteazkena izango dira beste bi hitzaldiak parrokian. Gaur, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarrak Itxaropenak ez du huts egiten izeneko saioa aurkeztuko du, itxaropena balioan jarriz eta hura "kristauen dohainik handiena" dela azpimarratuz; bihar, Luzia Alberro idazkari nagusiak Itxaropen eraginkorra. Iturriak izeneko hitzaldia zuzenduko du, eta itxaropen eraginkorra izateko iturrien berri emango du.

Eliza Jubileo urtean murgilduta dago aurten, Itxaropenean erromes lelo hartuta. Hain justu, itxaropena oinarri hartuta antolatu dituzte bi parrokiek hiru hitzaldiak. Hitzaldi guztiak Youtubeko bere kanalean eskainiko ditu Azkoitiko Parrokiak; honako honetan jarraitu ahalko da Arangurenena, eta honako honetan Alberrorena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide