Xabier Munibe Ikastolako zenbait irakaslek datozen egunetarako deitutako greba deialdiekin bat egingo du, irakasleentzat, ikasleentzat eta familientzat "egokia" izango den hezkuntza publikoaren alde egiteko nahiz hura indartzea eskatzeko. Horren harira, ikastetxeko atarian elkartu dira hainbat irakasle gaur arratsaldean, Euskal eskola publikoa indartu lelopean. Izan ere, irakasleek "irmoki" uste dute egiten ari diren aldarrikapenek "onurak guztientzat" ekarriko dituztela.
Indarrean dagoen irakasleen hitzarmena 2010. urtekoa dela adierazi dute haiek, eta nabarmendu, urtarrilean zein otsailean egindako mobilizazioetan "argi eta garbi" adierazi ziotela langileek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari hitzarmen horiek "orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean" jarriz. "Hezkuntza Sailak komunikabideen aurrean esan du negoziatzeko atea irekita duela, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edota gatazka desitxuratzen saiatzen denean", adierazi dute.
Irakasleek hainbat aldarrikapen dituzte, eta horregatik grebara joko dute bihar, etzi, ostegunean eta apirilaren aurreneko bi egunetan. Batetik, "gero eta handiagoak" diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea eskatzen dute, baita erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazte-berritze plana garatzea ere. Horrez gain, nahi dute galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, eta jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz, "aldebakarrez" erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusioen eta itxieren aurrean, enplegu publikoa bermatzea eta lanpostuak egonkortzea ere.
Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea galdegin diote Hezkuntza sailari, eta horri erantsi dizkiote langileen lan-osasuna zaintzea eta kalitatezko berdintasun nahiz hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea ere. Azken urteetan "inposatutako atzerapausoak kentzea" ere exijitu diote Hezkuntza sailari. "Aldarrikapen horiek lortzeko, egiazko negoziazioa gauzatzea dugu helburu, eta argi dugu langileon mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dugula", azaldu dute.