Aukera zabalarekin irekiko dute ostegunean Geure Gelatik azoka

Ane Olaizola 2025ko mar. 24a, 15:41

Oihana Sudupe Maxixatzeneko dinamizatzailea eta Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotzia, gaur, azoka aurkezten. (Maxixatzen Euskaldunon Elkartea)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako emakumeen liburu azokak Elkargunea hartuko du hiru egunez, eta Miren Agur Meabek aitortza jasoko du.

Ostegunean zabalduko ditu ateak Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokak, eta hiru egunez emakumeek euskara hutsez idatzitako liburuen postuez eta horien bueltako aurkezpenez osatutako egitasmoa eramango dute aurrera, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren Berdintasuna Sailaren laguntzarekin antolatuta. Aurten, gainera, Elkargunera itzuliko da liburu azoka, eta hango Oteiza aretoa egokituko dute postuak jartzeko. Era berean, hantxe egingo dituzte azokaren barruko ekintza guztiak ere, areto hori Herriko Plaza deritzona baino "goxoagoa" delakoan. Ekitaldien artean, Miren Agur Meabe idazleak jasoko duen aitortza izango da azpimarragarriena; hark bere ibilbidean egindako lanagatik jasoko du Maxixatzen elkarteak urtero idazle bati azokan egiten dion omenaldia.

Antolatzaileen esanetan, Elkargunera bertaratzen direnek "denetarik" aurkituko dute, nerabeei zein helduei zuzendutako liburuen aurkezpenak egingo dituztelako batetik, eta hainbat literatura genero jorratuko dituztelako, bestetik. Uxue Alberdiren Hetero ipuin liburua, Amancay Gaztañagak gazteei idatzitako Martin Martina trilogia, Itxaso Martinen Puntobobo eleberria eta Yolanda Arrietaren Etxe bat norberarena lanaren aurkezpenak egingo dituzte aurtengo edizioan. Azken hori, gainera, solasaldi poetiko musikatuan gauzatuko du Arrietak, Peru Galbete musikaria ondoan duela. Era berean, izango da azkoitiarrek idatzitako lanak ezagutzeko aukerarik ere, Ione Zuloaga ikerlariak iaz kaleratu zuen 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua azterlana aurkeztuko baitu ostiral arratsaldean.

Aitortza, larunbatean

Azken urteetan ez bezala, azokaren itxierarekin egokituko da aurten Meaberi egingo dioten aitortza ekitaldia. Larunbat eguerdian egingo diote idazleari omenaldia, eta joan zen urtean Geure Gelatik azokan aitortza bera jaso zuenak emango dio hari oroigarria; Jasone Osorok, hain zuzen ere. Aurtengo edizioa ixteko, berriz, Bi minutu literatur lehiaketan iaz sarituak izan ziren idatziak irakurriko dituzte.

Antolatzaileek herriko liburu bi dendarekin batera prestatu dute azoka; Lujan eta Amaitz saltokiekin, hain zuzen. Gainera, aurreko urteetan bezala, elkarteak bonuak salduko ditu aurten ere azokan bertan: bonu bakoitza bost eurotan salduko dute, eta erosleek hamar euro gastatzeko aukera izango dute gero.

Ordutegiari dagokionez, ostegunean eta ostiralean 17:00etatik 20:00etara bitartean zabalduko dute azoka, eta larunbatean, goizez, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Antolatzaileek herritar guztiak animatu ditu ekitaldietara nahiz azokara. 

Hona hemen Geure Gelatik azokak izango duen egitaraua:

  • Martxoak 27, osteguna.
    • 17:00. Azokaren irekiera
    • 18:00. Uxue Alberdiren Hetero liburuaren aurkezpena, Iratxe Retolazak lagunduta.
    • 19:00. Amancay Gaztañagaren Martin Martina trilogiaren aurkezpena, Iñigo Antsorregik lagunduta.
    • 20:00. Azokaren itxiera.

  • Martxoak 28, ostirala.
    • 17:00. Azokaren irekiera.
    • 18:00. Ione Zuloagaren 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburuaren aurkezpena, Irene Elorzak lagunduta.
    • 19:00. Yolanda Arrietaren Etxe bat norberarena liburuan oinarritutako solasaldi poetiko musikatua, Peru Galbeterekin batera.

    • 20:00. Azokaren itxiera.

  • Martxoak 29, larunbata. 
    • 10:00. Azokaren irekiera
    • 11:00. Itsaso Martinen Puntobobo liburuaren aurkezpena, Josune Herrartek lagunduta.

    • 12:30. Miren Agur Meaberi omenaldia.
    • Ondoren. 2024ko Bi minutu lehiaketan sarituak izan ziren idatzien irakurketa
    • 14:00. Azokaren itxiera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide