Anaitasunaren talde nagusiek puntu bat batu dute asteburuan, gizonek lortutakoa. Haiek atzo, igandea, Txerloian jokatu zuten Tolosaren aurkako lehia, eta bina berdindu zuten. Aldiz, emakumeek zapatu arratsaldean jokatu zuten Sestaon, eta 4-3 galdu zuten.
Lesakan (Nafarroa) jasotako jipoia atzean uzteko asmoz zelairatu ziren Loren Barbadoren gizonak atzo; hasierako minutuetan nagusi izan ziren berdegunean, nahiz eta ekimen hori ez zuten gol aukerak sortzeko probestu. Neurketa hutsean zela, eta atsedenaldira hala iritsiko zirela zirudienean, ordea, Mikel Aramendik egin zuen gorritxoen aldeko aurreneko gola.
Bigarren zatiari ere ondo ekin zioten Anaitasunakoek, eta lehen hamar minutuetan bi abagune ere sortu zituzten. Etxekoen bigarren gola Tolosakoen aurrena baino gertuago zela zirudienean, ordea, Tolosak lehia berdindu zuen 60. minutuan. Nolanahi ere, ondo erreakzionatu zuten gorritxoek; lehia berdindu eta bost minutura Galder Guembek area ertzeko jaurtiketa batean egin baitzuen bi eta batekoaren gola. Handik hamar minutu eskasera, baina, epaileak Tolosakoen aldeko penaltia adierazi zuen, eta kanpokoek hala lortu zuten binakoa egitea.
Barbadorenek azken saiakera egin nahi izan zuten, eta aukera sorta ederra galdu zuten alferrik. Etxekoek kanpokoen area jazarri zuten azken bost minutuetan. Lehen aukera Oihan Etxanizek izan zuen 86. minutuan, Galderrek egindako erdiraketan baloia buruz atera errematatuta; Tolosako atezainak lortu zuen baloia urruntzea. Hurrengo jokaldian ere Etxaniz saiatu zen gorritxoen aldeko gola egiten, baina berriz ere atezainarekin egin zuen topo hark. Tolosa jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen, gainera, arauzko 90 minutuak bete aurretik, eta Ander Pastrianek izan zuen hirugarren gola egiteko azken abagunea.
Azkenean, baina puntuak banatu zituzten Txerloian. Liga amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan, sailkapeneko zortzigarren postuan dago Anaitasuna, 36 punturekin. Datorren asteburuan, sailkapeneko azkenaren etxean, Vasconiaren aurka, jokatu beharko dute gorritxoek.
Porrota Sestaon
Emakumeek, bestalde, 4-3 galdu zuten herenegun, zapatua, Sestaon. Etxekoek hartu zuten aurrea markagailuan 20. minutua bete aurretik. Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak ondo erantzun zion lehen gol hari; Kalare Olaizolak egindako jokaldia baliatu baitzuen Aretha Azkuek lehia berdintzeko. Erantzuna ona izan bazen, gerora gorritxoek ez zuten asmatu egoerari eusten, eta Sestaokoek minutu gutxian bi gol egin zituzten; 3-1 emaitzarekin iritsi zen lehia atsedenaldira.
Bigarren zatira ere ez ziren ondo sartu Anaitasunakoak; 47. minutuan egin baitzuten etxekoek laugarren gola. Halere, norgehiagoka estutzeko gai izan ziren Barquerorenak. Bi minutuan gol bakar batera hurbildu ziren gorritxoak; Maria Juaristik eta Ane Arrizabalagak egin zituzten bigarren eta hirugarren golak, hurrenez hurren. Merezi arren, Anaitasuna ez zen lehia berdindu eta Sestaon puntu bat batzeko gai izan.
Orain, sailkapeneko hamabigarren postuan dira gorritxoak, 31 punturekin. Datorren asteburuan, Altzarrate Laudioren etxean arituko dira Barquerorenak, azken sailkatuaren zelaian.