Iraurgiren emakumeak bikain, eta gizonak galtzaile

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 23a, 15:58

Domusa Teknik ISBko jokalariak garaipena ospatzen, atzo, Azkoitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Estepona sailkapeneko bigarrena mendean hartu zuen Domusa Teknik ISBk atzo Azkoitian (70-54). Biele ISBk, aldiz, hirugarren porrota kateatu zuen Albaceten (60-56).

Zuria eta beltza, bietatik izan du asteburuak Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat. LF Challenge ligan, Estepona aurkari gogorra mendean hartu zuen Domusa Teknik ISBk atzo Azkoitian (70-54). Biele ISBk, aldiz, ez zuen etekinik atera Albacetera egindako bidaian eta 60-56 galdu duen Bueno Arenasen kantxan, hirugarren porrota kateatuz.

Sailkapeneko bigarrena hartu zuen atzo Luis Agirre Katxi-ren taldeak, eta puntuak ez ezik morala ere ematen duten garaipen horietako bat lortu zuen. Lehen zatian parekatuta ibili ziren bi taldeak. Domusa Teknik ISBk hiru puntuko abantailarekin itxi zuen lehen laurdena (17-14) eta abantaila horri eutsi zion atsedenaldira joan aurretik, bigarren laurdena berdinketarekin bukatu baitzen (14-14). Atsedenaldiaren ondoren hautsi zuen neurketa etxeko taldeak. Hirugarren laurdenean oso ondo aritu ziren Iraurgikoak eta zortzi puntuko aldea atera zioten Andaluziako taldeari (22-14). Eta aurkariei erreakziorako tarterik utzi jabe jarraitu zuen Donusa Teknik ISBk partida amaitu bitartean, aldea gizenduz (17-12 azken laurdenean), zaleen pozerako.

Ligaren fase erregularra bukatzeko bost jardunaldi falta dira eta zortzigarren postuan finkatuta jarraitzen du Iraurgiren emakumeen taldeak, sailkapenaren erdian. Datorren asteburuan Melillara joango dira, La Salleren kontra jokatzeko; seigarren postuan daude Melillakoak, Azkoiti-Azpeitikoek baino bi garaipen gehiagorekin.

Hiru porrot jarraian

BIgarren FEB ligan okerragoa izan zen jardunaldia Iraurgirentzat. Albaceten, hirugarren porrota kateatu zuen Iñaki Merinok gidatzen duen taldeak, eta horrekin batera, sailkapeneko bigarren postua ere galdu egin du Biele ISBk; bosgarrenera jaitsi da.

Mendebaldeko multzoan aldeak oso txikiak dira sailkapenean. Horrela, atzo arte bigarrenak ziren Iraurgiren gizonek hiru garaipen gutxiagorekin atzeko postuetan zebilen Buenos Arenasen kantxan jokatu zuten, eta berdintasuna nagusi izan zuen neurketan, esku hutsik itzuli ziren etxera. Lehen zatia markagailuan aurretik zela bukatu zuen Biele ISBk: 27-30 zen emaitza atsedenaldian (16-18 lehen laurdenean, eta 11-12 bigarrenean). Abantaila estuari ezin izan zion eutsi, ordea, Iraurgik bigarren zatian. Azken laurdenari artean aurretik zela ekin zion Iraurgik, puntu bakarreko aldearekin (43-44), baina etxekoek bost puntugatik irabazi zuten azken laurdena (17-12), eta horrenbestez, neurketa ere beren alde jarri zuten.

Emakumeei bezala, bost jardunaldi gelditzen zaizkie gizonei ere liga erregularra amaitzeko. Datorren asteburuan (martxoaren 30ean, 18:00etan), sailkapenean azkenaurrena den Algeciras hartuko du etxean Biele ISBk.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide