Israelek eta Hamasek joan zen urtarrilean 19an sinatutako su eten akordioa hautsi du aste honetan Tel Avivek, eta astearteaz geroztik 500 palestinar baino gehiago hil eta beste 900 zauritu ditu Gazan. Israelek azken hilabeteetako "erasoaldirik bortitzena" egin duela salatzeko, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak hainbat elkarretaratze deitu dituzte gaurko, eta Azkoitian dozenaka lagun elkartu dituzte.
Deitzaileek gogoratu dute "estatu sionistak" Gazako ospitaleak, etxebizitzak eta kanpalekuak bonbardatu dituela azken egunetan, eta Israelen militarrek Gaza iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen korridore nagusia okupatu dutela. Ildo horretan, Israelek "beste ofentsiba bat" iragarri duela salatu dute. "Israelek urtarrilean palestinar erresistentziarekin sinatu zuen su-etena behin eta berriro urratu duen arren, Ramadan hilabetean egindako azken eraso honek berriz ere agerian utzi du Israelen izaera terrorista. Estatu supremazista horrek ez du akordiorik nahi, eta palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzeko asmoa du", esan dute.
Salatu dute, Gazan ez ezik, Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuen kontrako erasoak areagotu dituela Israelek azken hilabeteetan, hala nola Sirian, Yemenen, Libanon eta Iranen, eta eraso horiek AEBak "buru" den Mendebaldeko "bloke inperialistaren interesei" erantzuten die. "Izan ere, Estatu Batuen funtsezko aliatua da Israel, eskualde osoan zehar baliabideak harpilatzen eta merkataritza-ibilbideak kontrolatzen jarraitzeko. Palestinarren garbiketa etnikoaren alde ere bi bazkideak bat datoz, Trumpek duela aste batzuk Gazan hotelak eraikitzeko iragarritako planarekin ikusi genuen bezala. Europar Batasuna erabat lerratuta dago oligarkia atlantistaren interesekin, eta beraz, baita estatu sionistarekin ere".
Era berean, salatu dute herrialde batzuek zein besteek jarraitzen dutela harreman diplomatiko, ekonomiko eta militarrak izaten Israelekin; "guztiek ahalbidetzen dute palestinarren aurkako genozidioa". Hain zuzen, azaldu dute Europar Batasuna dela herrialde horren arma esportatzaile nagusietako bat, eta gaineratu Espainiak Palestinaren aldeko "mezu hipokritak" zabaltzen dituela, "sarraskia gelditzeko inolako neurri eraginkorrik" hartu gabe.
Horrez gain, "sozialdemokraziak defendatzen duen bi estatuen irtenbidea" ere errefusatu dute Kontseilu Sozialistak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak, Israelen "izaera kolonialagatik" ezinezkoa izateaz gain, "gatazkaren erroa estali eta estatu sionistaren existentzia" zilegiztatzen duelako. "Bestalde, gaur egun su-etena soluzio gisa aldarrikatzea, Israelek behin eta berriro frogatu duenean ez duela inolako akordiorik errespetatuko, ez da irtenbide bat. Israelek existitzen jarraitzen duen bitartean, sarraskia eta heriotza hedatzen jarraituko du Ekialde Hurbilean".
Hori hala, Palestinaren askatasuna "estatu sionistaren desagerpenaren eskutik" baino ezingo da etorri azpimarratu dute. Bide horretan, hainbat eginkizun aldarrikatu dituzte: batetik, palestinarren erresistentzia eskubidea babestea inolako "ekidistantziarik gabe". Bestetik, Mendebaldeko enpresen, instituzioen eta alderdi politikoen "konplizitateari aurre egitea", haiek Israelekin harremanak eten ditzaten. Horrez gain, nazioartean "kapitalismoari eta gerrate inperialistei" aurka egingo dien "langileen indar iraultzaile bat" antolatzen hastea aldarrikatu dute. "Basakeria sionista ez da bere kabuz geldituko, eta guk ere ezin dugu geldirik egon", azaldu dute. Horregatik, Palestinaren alde eta "gerra inperialistaren aurka" kaleak hartzen jarraitzera deitu dituzte herritarrak.