Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Intsausti jauregian egin dute bilera, gaur, ostirala. Besteak beste, Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen Zuzendaritzako, Elankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako, eta Berrikuntza Sozialaren zein 2030 Agendaren Zuzendaritzako kideak izan dira bertan, azken horren buru, Asier Aranbarri azkoitiarra.
Dena den, udaleko ordezkariek ere parte hartu dute bilkuran, tartean Ana Azkoitia alkateak eta Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak. Alkateak egin die ordezkari haiei guztiei ongietorria, eta tarte hori baliatu du Garapen Jasangarrirako Helburuak sustatzeko udala egiten ari den lana zein den azaltzeko. 2030 Agenda mundu osoko tokiko eta eskualdeetako gobernuetan errotzea da Nazio Batuen Local 2030 Idazkaritzaren helburuetako bat, eta hain justu, gai horri buruz hitz egin dute gaur Jaurlaritzakoekin, Intsaustin.
Udal aurrekontuen eta Garapen Jasangarrirako Helburuen arteko lerrokatzea da, besteak beste, lortu nahi duten helburua, eta udalak adierazi duenez, Azkoitian azken hiru urteetako aurrekontuetan egin dute ariketa hori, udal politikek helburuetan duten inpaktua ezagutzeko. "Tokiko erakundeok 2030 Agenda bultzatzeko ardura eta betebeharra ditugu, eta aurrekontua helburu horiek lortzeko dugun konpromisoaren isla da", adierazi du Ana Azkoitia alkateak.