Donostiako Elizbarrutiko ordezkari nagusiek hitzaldiak emango dituzte parrokian datorren astean

Andoni Elduaien 2025ko mar. 22a, 09:00

Fernando Prado gotzaina izango da hizlarietako bat. (Donostiako Elizbarrutia)

Fernando Prado gotzainak, Mikel Aranguren bikario nagusiak eta Luzia Alberro idazkari nagusiak eskainiko dituzte hitzaldiak, hurrenez hurren, astelehenean, asteartean eta asteazkenean. 17:00etan, Azpeitiko parrokian izango dira hitzorduak, eta 19:00etan, Azkoitiko parrokian.

Azkoitiko eta Azpeitiko parrokiek hiru hitzaldi antolatu dituzte elkarrekin datorren asterako. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean izango dira hiru hitzorduak bi herrietan; 17:00etan Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, eta 19:00etan Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian.

Hain justu, Donostiako Elizbarrutiko ordezkari nagusiek parte hartuko dute hitzaldietan. Astelehenean, Fernando Prado gotzainak Berarengan gure itxaropena izeneko hitzaldia eskainiko du; asteartean, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarrak Itxaropenak ez du huts egiten izeneko saioa aurkeztuko du; eta, azkenik, asteazkenean, Luzia Alberro idazkari nagusiak Itxaropen eraginkorra. Iturriak izeneko hitzaldia zuzenduko du.

Eliza Jubileo urtean murgilduta dago aurten, Itxaropenean erromes lelo hartuta. Hain justu, itxaropena oinarri hartuta antolatu dituzte bi parrokiek hiru hitzaldiak. Prado gotzainak kristauentzat "Jesus itxaropena" dela nabarmenduko du; Aranguren azpeitiarrak, berriz, itxaropena balioan jarriko du, hura "kristauen dohainik handiena" dela aintzat hartuta. Alberrok, azkenik, itxaropena eraginkorra izan dadin zein iturri dauden azalduko die herritarrei.

Hitzaldi guztiak Youtubeko bere kanalean eskainiko ditu Azkoitiko Parrokiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide