Atzo, hileko hirugarren osteguna izanik, Isilune Zirkuluak deitutako elkarretaratzea egin zuen herriko plazan. Loiolako migrazio taldeak egin zuen martxoko deialdia, eta etxebizitza eta gazteria izan zituzten hizpide kontzentrazioan; izan ere, azaldu zuten gazteak "jasanezineko arazo baten aurrean" daudela etxebizitzari dagokionean.
Hausnarketarako datu ugari eman zituzten deialdia egin zutenek. Batetik, nabarmendu zuten gazteek "etxebizitzagatik ezin dutela emantzipatu", eta egiten badute, gastuak murriztearren, %87k etxebizitza beste hiru edo lau lagunekin partekatu behar izaten duela. Halaber, adierazi zuten emantzipatutako gazteen %30ak bere familiaren laguntza ekonomikoa behar duela alokairua ordaintzeko.
Beste datu batzuk ere gehitu zituzten, ordea. Gazteek etxebizitza ordaintzeko, batez beste, 467 euro behar dituzte egun; horrek, hain zuzen, egoera zailtzen duela uste dute, emantzipatutako gazteen herenak baino gehiagok 1.000 euro baino gutxiago irabazten duela kontuan hartuta. Gainera, hamar gaztetatik lauk bere soldataren %40 etxebizitzara bideratu behar izaten duela jakinarazi zuten.
Datuetatik haratago, "etxebizitzaren zamak gazteen etorkizuneko ametsak zapaltzen" dituela salatu zuten, eta gizarte mailako "lehen arazoa" dela ikusita, gazteek bizi proiektu pertsonala eta independentea martxan jartzea ezinezko dutela adierazi. Halaber, familia bat osatzea edota seme-alabak izatea gazteei "zaila" egiten zaiela adierazi zuten.
Politikarien "asmo eta hitz onak ez dira aski" haientzat, eta laguntza emateko galdegin zieten erakundeei. "Herritartasun osoa duen gazteria nahi badugu, duintasunez bizitzeko baldintza nahikoa dituen gazteria nahi badugu, premiazkoa da administrazioek laguntza ematea, etxebizitza eskuratzea bermatuko duten politika publikoak sustatuz". Gazteen belaunaldiaren alde, "premiazko konponbideak" eskatu zituzten, etorkizuneko erantzukizuna "belaunaldi horren gain" dagoela iritzita. "Premiazko oinarriak eraiki behar dira, gure gazteek etorkizunean itxaropenez amets egin dezaten".