Azkoitiko Kirol Mahaiak atzo, asteazkena, jarri zuen bere ibilbideko lehen harria. Udaletxeko bilkura aretoan elkartu ziren herriko elkarteetako eta udaleko ordezkariak, mahai horrek izango duen ibilia zein den bertatik bertara ezagutzeko. Udalak azaldu duenez, "elkar hobeto ezagutzeko nahiz laguntzeko, informazioa trukatzeko, edota proposamenak, iritziak eta eskaerak jasotzeko foro egokia" izateko sustatu dute Kirol Mahaia.
Udal ordezkariek, Elkarguneko koordinatzaileek, kirol elkarteek, norbanakoek, ikastetxeek, guraso-elkarteek, eskola kiroleko arduradunek eta parte hartzeko interesa duten norbanakoek osatuko dute Kirol Mahaia. Udalaren izenean, Igor Isuskiza Kirol zinegotziak eta Ander Etxabe kirol teknikariak parte hartu zuten atzoko bileran; izan ere, Etxaberena izango da mahaia deitzeko eta dinamizatzeko ardura.
Erakundearen asmoa da mahai horren bilerak beharren edo partaideen proposamenen arabera deitzea. Atzo, bi puntu nagusi izan zituzten hizpide udaletxean: batetik, eskola kirola, eta bestetik, kirol elkarteei ematen zaizkien diru laguntzak arautzen dituen ordenantzan eman diren aldaketak.
Udalak erakundearen eta kirol elkarteen arteko hartu-emana bultzatu nahi du. "Kirolak eta kirol elkarteek sekulako ekarpena egiten diote herri honi, eta udalak elkarteak diruz laguntzeaz eta baliabideak eskaintzeaz gain, zuzeneko eta konfiantzazko harremana bultzatu nahi du. Helburu horrekin jarri dugu martxan Kirol Mahaia, informazioa partekatzeko, elkarteen beharrak jasotzeko, eta guztion artean urratsak egiten joateko", esan zuen Isuskiza zinegotziak.