Interes handia piztu du nerabeen buru osasunari buruzko hitzaldiak

Andoni Elduaien 2025ko mar. 20a, 10:26

Elkarguneko Oteiza aretoa jendez lepo bete zen atzo. (Udala)

Elkarguneko Oteiza aretoa jendez lepo bete zen atzo arratsaldean Izaskun Lopez de Torre psikologoaren hitzaldia jarraitzeko. Buru osasun txarrak nerabeengan duen eragina azaldu zuen hark, eta egoera horien aurrean egoki jokatzeko gakoak eman zizkien gurasoei.

Atzo, asteazkena, Buru osasuna eta nerabeak hitzaldia eskaini zuen Izaskun Lopez de Torre psikologoak, Elkarguneko Oteiza aretoan. Saioak interes handia piztu zuen, jendetza elkartu baitzen psikologoaren saioa entzuteko. Saioa udalak antolatu zuen, aldundiarenTreba Gurasoak programaren barruan. Hain justu, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatzea eta haurren zein nerabeen bizi kalitatea nahiz aukerak hobetzea du helburu programak.

Pil-pilean dagoen gaia da buru osasunarena, eta atzo, Lopez de Torrek nerabeekin lotu zuen gaia, buru osasunak haiengan sortzen dituen askotariko faktoreak azaltzeko, hala nola identitatea, mugak, babesa, gatazkak, presioak edota ezegonkortasun emozionala. Hizlariak azalpen teoriko-praktikoak eman zituen aurrena, baina une oro bertaratu zirenen parte hartzea sustatu zuen, bi norabideko komunikazioa sustatuz.

Hitzaldiarekin psikologoak agerian jarri nahi izan zuen seme-alaben hezkuntzan gurasoek duten paperaren garrantzia. Lopez de Torrek nerabeek bizi duten deserosotasuna, antsietatea nahiz jazarpen egoerak detektatzeko eta identifikatzeko ezagutzak zen oinarrizko informazioa eman zizkien gurasoei, baita balizko jazarpen egoeren aurrean egoki eta indarkeriarik gabe erantzuteko baliagarriak diren abileziak eta estrategiak azaldu ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide