Bihar amaituko da umeen danborradan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2025ko mar. 20a, 15:30

Haurrak, iazko danborradan. (Iraia Oteiza)

Ikastetxeetan online plataformen bidez zabaldu duten formularioaren bidez eman dezakete izena haurrek. Aurten, HH5 eta DBH2 mailen artekoek parte hartu ahalko dute danborradan, Tata elkarteak DBHko aurreneko bi mailetakoei ere eman baitie aurten izena emateko aukera.

Bihar, ostirala, amaituko da umeen danborradan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Haurrek ikastetxeetan online plataformen bidez zabaldu duten formularioaren bidez eman beharko dute danbor festarako izena. Aurten, apirilaren 26an, larunbatez, egingo dute aurten danborrada, 17:00etan hasita.

60 urte beteko ditu 2025. urte honetan Azkoitiko umeen danborradak, eta hori aitzakia hartuta, zenbait berrikuntza txertatu ditu Tata danborrada elkarteak. Besteak beste, HH5etik DBH2ra arteko haurrek eta nerabeek parte hartu ahal izango dute festan; alegia, izena emateko adin tartea luzatu egin dute. Era berean, pieza berri bat ere jo beharko dute haurrek: iaz helduen danborradan estreinakoz jo zuten San Martin martxa, hain zuzen. Horrez gain, hamar mikelete ere aterako dira gastadoreekin batera desfilean. 2025eko karroza egiteko hautatu duten gaia, berriz, Azkoitia eta pilota izango dira.

Entseguak hil honetan bertan hasiko dituzte umeek; lehen entsegua martxoaren 31n, astelehenez, egingo dute Gurea pilotalekuan, eta ondorengoak apirilaren 2an, 3an, 7an, 9an, 10ean, 14an, 23an eta 24an gauzatuko dituzte. Hitzordu guztiak 19:00etarako jarri dituzte, eta parte hartzaileek ordubeteren bueltan jardungo dute danborradako pieza guztiak entseatzen.

Gainera, entsegu horietako batzuk baliatuko dituzte danborradako antolatzaileek parte hartzaileen ardura postuak zehaztu ahal izateko zozketak egiteko eta haien artean jantziak banatzeko. Tata danborrada elkarteak martxoaren 5ean egin zuen danborradaren aurkezpena, eta orduan zehaztu zituzten zozketak eta arropa banaketak zein egunetan egingo dituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide