Gaurtik eman ahal izango da apirilaren 26ko umeen danborradarako izena

Julene Frantzesena 2025ko mar. 6a, 09:00

Umore Ona eta Tata elkarteetako nahiz udaleko ordezkariak. (Julene Frantzesena)

Ikastetxeetan banatuko dituzten formularioen bidez eman ahal izango da izena hilaren 21era bitartean. 60 urte beteko ditu aurten umeen danborradak, eta hainbat berrikuntza prestatu dituzte. Bestea beste, HH5etik DBH2ra arteko haurrek eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute danbor festan, San Martin martxa sartu dute errepertorioan eta hamar mikelete batuko dira desfilera. Gainera, Azkoitia eta pilota izango da karrozaren gaia. Lehen entsegua martxoaren 31n egingo dute.

Hilabete eta erdi pasatxo igarota iritsiko da umeen danborrada Azkoitira. Aurten apirilaren 26an, larunbatez, egingo dute, 17:00etan hasita, eta gaur bertan zabalduko dute danbor festan parte hartu nahi duten haurrek eta gaztetxoek izena emateko epea. Ikastetxeetan eskura dituzten online plataformen bidez bidaliko duten formularioa beteta egin beharko da izen-ematea, eta hilaren 21era arte izango da horretarako aukera.

Atzo egin zuten haurren danborradaren aurkezpena Tata danborrada elkarteko, Umore Ona soziedadeko eta Azkoitiko Udaleko ordezkariek Oteiza pilotalekuen kanpoaldean. Igor Isuskiza zinegotziak eskerrak eman zizkien bi elkarteetako ordezkariei, egiten duten lanagatik. Joxan Mendizabal Tata elkarteko kideak hartu zuen hitza segidan. Hark danborradaren gaineko xehetasunak eta berrikuntzak jakinarazi zituen. Izan ere, besteak beste, orain arte ez bezala, aurtengoan HH5etik DBH2ra arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute danborradan –orain arte LH6ra artekoek zuten horretarako aukera–.

Horrez gain, Azkoitiaren 700. urteurrenaren harira, Javier Saenz Kixonak eta Azkoitiko Musika Bandak helduen danborradarako moldatu zuten San Martin martxa ere joko dute gaztetxoek danborradan. Miguel Mari Azpiazuren eta Jose Agustin Arrietaren pieza aurrenekoz joko dute danbor-jotzaile gaztetxoek. Halaber, karrozaren gaia ere jakinarazi zuen Tata elkarteko kide Mendizabalek: "Azkoitia pilotaren sehaska izanik", aurtengo karrozaren gaia Azkoitia eta pilota izango da, eta gai hori baliatuko dute herriko pilotariak omentzeko. Danborradaren antolatzaileak arduratuko dira karrozaren prestaketa lanez.

Beste berrikuntza bat ere izango da, baina, aurtengo umeen danborradan: LH1eko gastadoreekin batera hamar mikelete aterako dira desfilearen hasieran. Izan ere, maila horretako ikasleek aurten estreinatuko dituzten hamar mikelete jantzi egin dituzte. Bestalde, Tata elkarteak logo berria estreinatuko du aurtengo edizioan, eta Maite Galanek egindako irudia danborradaren hasieran eramango duten banderan ikusi ahal izango da. Irudi horretan sartu ditu Galanek Azkoitiko armarriko gaztelua eta granadak eta Umore Onaren danborrak eta upelak.

Tata elkartearen logoa.

Entseguak eta zozketak

Umeen danborradarako lehen entsegua martxoaren 31n, astelehenez, egingo dute, eta ondorengoak apirilaren 2an, 3an, 7an, 9an, 10ean, 14an, 23an eta 24an gauzatuko dituzte. Hitzordu guztiak 19:00etarako jarri dituzte Gurea pilotalekuan, eta parte hartzaileek ordubeteren bueltan jardungo dute danborradako piezak entseatzen.

Gainera, entsegu horietako batzuk baliatuko dituzte danborradako antolatzaileek parte hartzaileen artean zozketak egiteko nahiz jantziak banatzeko. Oihana Sudupe Tata elkarteko kideak eman zituen xehetasunak. Karrozan aterako diren haurren zozketa, esaterao, apirilaren 2ko entseguaren aurretik, 18:15ean, egingo dute frontoian bertan, eta zozketaren ondoren banatuko dituzte karrozako kideentzako jantziak.

Egun horretan bertan, entseguan gauzatuko dute danborradako taldeetako zuzendari izateko zozketa. LH4tik gorako umeek atera ahal izango dute zuzendari postuan, eta aurrerantzean, urtero aldatuko dituzte taldeetako zuzendariak –orain arte bi urtez jardun izan dute horiek–. Zozketa urtero egingo dute, Tata elkarteko kideek esan dutenez, zuzendari lanetan jarduteko aukera haur gehiagok izan dezaten.

Bestalde, HH5eko umeen arropak apirilaren 3ko entseguan banatuko dituzte, eta egun horretan bertan frontoian egingo dituzte kantineren, banderadunen, zuzendarien, paelleroen eta lapitzeroen zozketak. Aldiz, LH2tik DBH2ra arteko danbor-jotzaileen arropak apirilaren 9ko entseguan banatuko dituzte.

60. urteurrena

Umore Ona elkarteak sortu zuen umeen danborrada, elkartea sortu zutela 25 urte bete zirenean. Hain zuzen ere, 1965. urtean egin zuten Azkoitian umeek lehenengo danborrada, eta urte batzuetan, egiten zen data tarteko gainbehera izan bazuen ere, bizi-bizirik dago egitasmoa. Zehazki, 2013an erabaki zuten Umore Ona elkarteak eta Azkoitiko Udalak danborrada astebete atzeratzea –ordura arte Pazko igandez egiten zuten–. Ordutik egin du euririk, ordea, eta hainbat jantzi berri egin dituzte danborradarako, hala nola abarketagileenak, pilotarienak eta zalduntxoenak.

Aurten, danborradaren 60. urtemuga dela eta, Tata eta Umore Ona elkarteetako ordezkariek bideo berezi bat prestatu dute. Azkoitiko umeen danborradaren bilakaera erakusten duen ikus-entzunezkoa egin dute, eta Tata elkartearen Instagram nahiz Youtube sare sozialetan jarriko dute ikusgai entseguak hasten direnean. Gainera, gaurtik iazko umeen danborradako hainbat irudirekin osatutako bideo bat ere jarri dute ikusgai sare sozialetan, umeen parte hartzea sustatzeko xedez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide