Artea eta giza eskubideak uztartuta gizarte eraldaketa sustatu nahi duen Arteria bekaren bidez, Gorka Larrañaga (Azkoitia, 1974) artistak azken obra kolektiboa gauzatu du, eta lanak ikusi berri du argia. Ostiralean aurkeztu zuen ilustratzaile, marrazkilari eta margolariak Izanaren artea lan berria Urretxuko Labeaga aretoan (Gipuzkoa), taldekide dituen Andoni Salamero olerkariarekin eta Marta Lopez de Gauna argazkilariarekin batera. Hiruren artean egin duten lana «indar handikoa» izanik, oraindik ostiralean bizitakoa barneratzen ari direla azaldu du azkoitiarrak: "Oso polita izan zen, guztiak gaude oraindik ukituta".
Arteria proiektuaren sustatzailea da Dar-dar gizarte ekimeneko konpainia. Artearen bidez gizarte gaiak jorratzen ditu, eta gizarte berrikuntza bermatzeko xedez, konpainia horrek 9.000 euro banatu zituen iazko azaroan. Bekaren irabazleek nahi gabeko bakardadea eta buru osasunaren gaia izan dituzte azken hilabeteetan artelana sortzeko abiapuntutzat. Larrañagaren esanetan, egun gizartean "hain presente" dauden antsietatea zein depresioa landu dituzte estreinatu berri duten lanean, eta egoera horietatik atera ahal izateko "bideak edo arteak" zabaltzen ditu obrak; hortik datorkio hari izena. "Lanak azpimarra egiten dio norberak bere beldurra uzteari, izanaren kontzientzia hartzeari eta sormenaren bidez egoera horretatik ateratzeari".
'Sentikaria'
Artistek hitza, argazkilaritza eta pintura batu dituzte artelanaren narraziorako, eta obra inon kokatzekotan, 'sentikaria' hitzarekin definitu dute sortzaileek ondu dutena: "Ez da ohiko antzerki bat, performance batera gehiago hurbiltzen den obra bat da; ekintza bat, finean. Izan ere, egoera jakin bat sortzen dugu, non ikuslea lanaren parte bihurtzen den. Parte hartzailea muga batzuetara eramaten dugu, eta egoera horietatik ateratzeko bideak lantzen dira".
Hori horrela izanda, artistak azaldu du ez dela "modu pasiboan" ikusteko lana, ekintza beraren izaerak behartzen duelako parte hartzailea gertatzen ari denaren aurrean kokatzera. Horrek "erreakzio bat" sortzen du publikoarengan, artistaren arabera. "Emanaldira joaten den publikoak ohiko obra bat espero dezake; aretora joan, eta oholtza gainean gertatzen ari dena kontenplatzea. Guk sortu duguna askoz ere aktiboagoa da, publikoa emanaldiaren parte bihurtzen baita. Ekintza indartsua da, eta obrak duen dinamikarengatik eta lanak proposatzen dituen gaiek hausnarketarako bidea zabal dezaketelako, publikoa ezustean harrapa dezakegu. Uste dut ostiraleko emanalditik inor ez zela ezer sentitu gabe atera". Artistak azaldu duenez, publikoan dagoen bakoitzari ondorio propioak ateratzeko bidea zabaldu nahi diote, eta ikusleekin solasaldi bat eginez amaitzen dute saioa, ekintzak bere osotasuna har dezan.
Kaosean, eder
Sortzaile moduan "beti" landu izan ditu Larrañagak gizartearen "porrotak", modu batera zein bestera: "Batzuetan jotzen dugu gauza ederrak egitera, baina edertasuna, maiz, kaos handi batetik sortzen da". Izanaren artea obraren zati kontenplatiborako, esaterako, 2007. urte inguruan egin zuen serie bat berreskuratu du azkoitiarrak, lan hark oraingoarekin zerikusia bazuelako alegoriari zegokionez, eta beraz, "oso ondo" egokitzen zelako. Hark azpimarratu du artista bakoitzak bere esparruan egin duela lana, baina, oinarrian, talde lana egon dela.
Carlos Ibarbiak ipini dio obrari soinua, eta Michele Abregok, aldiz, bideoen edizioa egin du. Larrañagaren arabera, atzean teknologia ugari du artelanak, eta azpimarratu du "izugarrizko lana eskatu duen ekintza" dela sortu dutena. Gainera, emanaldia itsuentzat eta gorrentzat ere egokitu dute, haiek ere parte hartzeko aukera izan dezaten, eta horretarako, besteak beste, irudi bakoitzari bere audio-deskribapena egin diote.
Joan zen ostiralekoa aurkezpena izanik, lanak oraindik baduela zer hobetu azaldu du Larrañagak, baina hara joan zirenen iritzi "oso positiboak" jaso dituzte sortzaileek. Bekaren barruan, oraindik beste bi emanaldi egingo dituzte Goierrin, hitzorduak oraindik zehaztu gabe badaude ere. Artelanak dituen ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, beraz, taldeak uste du "aberasgarria" izango litzatekeela lanak jarraipena izatea, eta beraz, emanaldi gehiago egitea. Dena den, badago kontuan hartu beharreko xehetasun bat: "Ez da talde handientzakoa. Estreinaldian 33 lagunentzako lekua jarri genuen, eta horrek mugatu egiten du obraren programazioa. Baina ea topatzen dugun modurik, oso ekintza indartsua da eta".