Zabaldu dute Azkarateko mendatea

Julene Frantzesena 2025ko mar. 20a, 08:11

Hainbat langile Azkaraten istripua izan den lekuan lanean. (Utzitakoa)

06:45ean erori da zuhaitza errepidera, eta auto batek zuhaitza jo du. Beharginak zuhaitza errepidetik kentzeko eta bidea garbitzeko lanetan aritu dira, eta zabaldu dute bidea. Haizeak, baina, kalte gehiago eragin ditu herrian, nabarmenenak Txerloia futbol zelaiaren bueltan.

Azkarate mendatea zabalik da dagoeneko, beharginek errepidea garbitu ostean. Ordura arte itxita egon da errepidea bi norabideetan, bolada bortitzen ondorioz 06:45ean zuhaitz bat erori delako kuartel zaharraren inguruan; gainera, auto batek eroritako zuhaitza jo du, baina ez da inor zauritu. 

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea ere itxita egon da goizaldean, zenbait zuhaitz adar errepide gainera erori eta horiek bidea oztopatzen zutelako. Dena den, orain normaltasuna da nagusi inguru horretan –hirugarren erreia eraikitzeko obrak direla eta, hamar minutuz behin ari dira pasoa ematen ibilgailuei–.

Haizeak, baina, trafikoan bakarrik ez, herrian ere eragin ditu kalteak. Udalak azaldu duenez, Txerloia futbol zelaiaren bueltan izan dira kalte nabarmenenak. Batetik, futbol zelaia inguratzen duen hesia apurtu eta bota du harmailen alboan, eta bestetik, zelaiaren albo bateko zuhaitz bat hautsi du.

Futbol zelaiko hesia, lurrean. (Udala)

Zuhaitz enbor bat, hautsita. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide