Urteko aste bereziena ari dira ospatzen San Jose egoitzan

Andoni Elduaien 2025ko mar. 18a, 17:02

Egoiliarrak hamaiketakoa egiten. (Argazkiak: San Jose egoitza)

Bihar, martxoak 19, San Jose eguna da, eta hori horrela, San Jose Astea ari dira ospatzen adinekoen egoitzan. Karta jokoak, musika emanaldiak eta eskoletako ikasleen bisitak jasoko dituzte astean zehar.

San Jose Astea ari dira ospatzen herriko adinekoen egoitzan. Atzo, astelehena, hasi zituzten ospakizunak han; goizean, olinpiadak egin zituzten, eta arratsaldean, seiko urre karta joko txapelketa eta merienda egin zituzten. Gaur, berriz, Floreaga ikastetxekoen bisita jaso dute goizean, eta txokolatea txurroekin jan ondoren, bingo jokoa egitekoa dira arratsaldean.

Bihar, San Jose eguna, egun handia izango dute egoitzan. 11:30ean, meza izango dute egoitzan, eta 14:00etan, bazkaria egingo dute. Biharkoa boluntarioen eguna ere izan ohi da egoitzan, eta horregatik, Elizako eta musika saioetako boluntarioekin eta udal ordezkariekin egingo dute bazkaria. Bazkalostean, gainera, Iñaki Basabe abeslariak eta Kike Perez biolinistak Bizitza osoko abestiak bildumako kantak eskainiko dizkiete egoiliarrei.

Etzi, osteguna, eskolen bisitak jasoko dituzte egun osoan. 12:00etan, Bizilore Eskola Aktibokoak izango dituzte egoitzan; 16:30ean, Xabier Munibe Ikastolakoak eta Azkoitia BHIkoak; eta azkenik, 17:30ean, Bizkargi musika eskolakoak.

Ostiraleko egitarauarekin itxiko dute aurtengo San Jose Astea; Sendiaren Eguna izan ohi da, gainera, asteko azken eguna. Hori horrela, 11:00etan pintxoak prestatuko dituzte egoiliarrek, eta 17:30ean, merienda egingo dute senideekin batera. Gainera, San Jose egoitzak jakinarazi du San Jose Asteko ekintzarik "berezienetan" Bizipoza eguneko arreta zerbitzuko kideek ere parte hartuko dutela. "Eskerrak eman nahi dizkiegu boluntarioei, senideei eta langile guztioi etxe honetako parte izateagatik", azaldu dute egoitzako ordezkariek.

Egoiliarrak eta zaintzaileak karta jokoan. (San Jose egoitza)

Floreaga Ikastetxeko ikasleak flauta jotzen. (San Jose egoitza)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide