Lau urte inguru dira Azkoitiko Gazte Asanblada (AGA) sortu zela, eta hori ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute apirilaren 5erako, zapatua. Besteak beste, mendi lasterketa, poteoa, bertso bazkaria eta kontzertuak izango dira egun horretan herrian.
Goizean, 10:30ean abiatuta, mendi lasterketa egingo dute San Martin auzoko Ardatz elkartearen paretik abiatuta. Munoaundira ibilbide zirkularra egingo dute; guztira, 6,5 kilometro eta 300 metroko desnibel positiboa duen lasterketa osatu beharko dute parte hartzaileek. Lasterketan parte hartzeko izena eman beharko da herriko zenbait tabernatan jarriko duten zerrendan, baina egunean bertan ere eskainiko dute horretarako aukera; 5 euro ordaindu beharko da izen-ematea, dortsalaren eta aseguruaren truke. Hain justu, apirilaren 4an herriko plazan edota egunean bertan Ardatz elkartean jaso beharko dute dortsala korrikalariek.
San Martin auzotik herrigunera eramango dute ondoren festa; izan ere, 13:00etan hasi eta ordubete inguruz, bafle poteoa egingo dute kalerik kale. 14:00etan, berriz, bertso bazkaria egingo dute Ikurrinaren plazan; Jon Gurrutxaga eta Suhar Gesalaga bertsolariak ariko dira bertsotan, trikiti doinuek lagunduta. Bazkarian parte hartzeko, hamar euro ordaindu beharko da.
19:00etara, azkenik, kontzertuak antolatu dituzte Kontzejupean. No Limits eta Rebel Noise musika taldeek girotuko dute udaletxe azpiko frontoia hainbat orduz. Haien ikuskizunak amaitu bezain pronto, berriz, DJen edo musika jartzaileen emanaldiak izango dira.
"Lau urte pasatxo dira gazte asanblada sortu genuela, eta eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen gugana gerturatu zareten guztioi. Herriko gazte problematika lantzen eta gazteria politizatu nahian jarraituko dugu", azaldu dute sare sozialetan.