Zientzia arloko bi elkartek topaketa egin dute Intsausti jauregian

Andoni Elduaien 2025ko mar. 18a, 09:19

Bi elkarteetako ordezkariak, Intsausti jauregiaren atarian. (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea)

Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Elkarteko eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ordezkariak Intsausti jauregian elkartu ziren zapatuan, eta hirigune historikoa bisitatzeko aukera ere izan zuten.

Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Elkarteko ordezkariek Intsausti jauregia bisitatu zuten joan den zapatuan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideekin biltzeko. Bi zientzia elkarte horiek hainbat helburu partekatzen dituzte, hala nola ikerketa historikoa zein artistikoa eta ezagutzaren hedapena. 

Zapatuan bi erakundeetako kideek bilera labur bat egin zuten Insaustin, eta bi elkarteetako kideek elkarri laguntzeko konpromisoa hartu zuten. Gainera, Ignacio Arakistain musikariak jauregian dagoen 1790eko pianofortearen doinuez gozatu zuten. Hirigune historikoan zehar ere ibili ziren bi elkarteetako ordezkariak, eta Ama Birjinaren Jasokundeko parrokian dagoen Cavaille-Coll organoa ezagutzeko parada ere izan zuten; izan ere, Jose Luis Frantzesena organo jotzailearen azalpenak entzuteko eta organoaren doinuak entzuteko aukera izan zuten bisitariek.

Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Elkartea 1873an sortu zen, eta ordutik ez du bere jarduera eten. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea gonbidatu zuten Baionako elkarte horren 150. urteurrenaren ospakizunera; izan ere, duela bi urte Baionan bertan antolatu zituzten jardunaldietan parte hartu zuten. Elkarteak 250 urte baino gehiago daramatza lanean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzordeek ordezkatu zuten. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide