Isidro erretegiak irabazi du Ipiñarrietaren aurkako apustua

Andoni Elduaien 2025ko mar. 17a, 12:16

Bi zinta eskasengatik ebatzi zuten atzo idi apustua Isidro erretegiak eta Ipiñarrietak, Azkoitiko Aitor Aizpuruaren alde. Jendetza elkartu zen atzo arratsaldean Gurean dema ikusteko.

Isidro erretegiak irabazi du Ipiñarrietaren aurkako idi apustua eta hark jaso ditu jokoan zeuden 3.000 euroak. Atzo, igandea, Azkoitiko Gurea probalekuan jokatu zuten dema, eta zinez emozio handikoa izan zen; izan ere, bi zinta eskasen aldeagatik irabazi zuen Azkoitiko idi pareak.

Isidro erretegiko idi pareak 52 plaza, lau zinta eta hiru metro egin zituen, eta Ipiñarrietaren idiek 52 plaza, bi zintza eta 27 zentimetro. Isidro erretegiaren idiak Olarrea eta Alegria itzainekin aritu ziren plazan, eta Ipiñarrietarenak, berriz, Ipiñarrieta berarekin eta Telleriarekin.

Atzo goizean egin zituzten pisaketak, eta 1.140 kilotan sartu behar izan zuten idi pareek. Adostuta bezala, baina, pisu horretatik gorako kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga ezarri zieten idiei. Hori horrela, Isidro erretegiaren idiak 69 kiloko gainkargarekin aritu ziren, eta 31 kiloko gainkargarekin Ipiñarrietarenak. 

Jendetza handia elkartu zen beste behin Gurean. Antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, 650 lagun baino gehiago bildu zen atzo frontoiko probalekuan apustua ikusteko. 

(Argazkiak: Nerea Uranga)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide