Azkoitiko kiroldegian jokatu zuen atzo arratsaldean Espainiako saskibaloiko Bigarren Mailako Biele ISBk Ponferradaren kontra. Aurkari gogorrarekin egin zuten topo Iraurgiko mutilek, baina partidaren lehen zatian heltzea lortu zuten Iraurgi mutilek, 25-27 eginda.
Bigarren zatian kontrakoek aldea zertxobait gehitu egin zuten, tartean bi hiruko sartuta. Hala, atsedenean 66-73 adierazten zuen markagailuak.
Atsedenetik bueltan, hirugarren zatian ere puntu gehiago lortu zituzten Iraurgiren kontrakoek, eta 66-73 iritsi ziren neurketako azken zatira. Laugarrenean, ISBkoen saskiratze bikoitza egin zituen Ponferradak, eta hala 76-93 galdu zuen Biele ISBk. Hala ere, denboraldiko sailkapenean Ponferrada bere atzetik du ISBk; lehen postuan Caceres dago, bigarren Biele ISB eta hirugarren Ponferrada.
Etxetik kanpo jokatuko du datorren asteburuan Iraurgiko gizonen talde nagusiak denboraldiko 22. jardunaldia. Larunbatean, 19:30ean, Albaceteren kontra ariko da. Sailkapeneko azken hirugarren postuan dago Albacete.
Gutxigatik galduta
Gizonen taldeak bezalaxe, ISBko emakumeen talde nagusiak ere galdu egin du asteburuan. Domusa Teknik ISBk atzo eguerdian jokatu zuen Valentzian Paterna taldearen kontra. Bi puntu eskasen aldearekin, baina porrotarekin etxeratu ziren, 65-63 eginda. Lehen bi zatietan (17-14 eta 16-13) atera zieten aldea Paternakoek Azkoiti-Azpeitiko emakumeei. Izan ere, atsedenetik (33-27) aurrerako beste bi zatietan puntu gehiago (15-16 eta 17-20) eskuratu zituen Iraurgik, baina aurretik aurkariek lortutako aldea gainditzerik ez zuen lortu.
Multzoko sailkapeneko erdi parean dago Azkoiti-Azpeitiko emakumeen taldea, zortzigarren postuan. Datorren asteburuan denboraldiko 25. jardunaldia jokatuko du Azkoitiko kiroldegian. Larunbatean da Esteponaren kontrako partida, 18:00etan hasita.