Ahazteko moduko asteburua izan da Anaitasunarentzat. Bai gizonek, bai emakumeek, galdu egin zituzten asteburuan jokatutako partidak, eta gainera, modurik txarrenean. Emakumeek 0-7 galdu zuten Realaren aurka zapatuan, Txerloian, eta gizonei bost gol egin zizkien Lesakako (Nafarroa) Beti Gaztekoek atzo, igandea.
Hamargarren minuturako egin zuen Realak gola zapatuan Txerloian, eta segituan jarri zitzaien gorritxoei lehia zail. Sailkapeneko liderren aurka jokatzen ari zirela jakitun, eta denboraldi osoan berdinketa bat eta porrot bat bakarrik jaso dituztela kontuan hartuta, lehia oso zaila zuten Mikel Barquerorenek. Dena den, txuri-urdinen gola berdintzeko saiakeretan murgildu ziren Anaitasunakoak huts eta batekoaren ondoren, eta Maria Juaristik oso gertu izan zuen banakoa ordu laurdena betetzear zela; aurrelariak langara bidali zuen baloia.
Realak, ordea, gutxi barkatu ohi du, eta di-da batean egin zituen bigarren eta hirugarren golak, lehia ia guztiz erabakita utziz. Atsedenaldira bitartean ez zen markagailua gehiago mugitu, gainera; bi taldeak iritsi ziren aurkariaren atera, baina atezainak ondo aritu ziren golak ekiditeko garaian.
Bigarren zatiaren hasierako minutuetan abagune gutxi izan zen Txerloian, baina azken ordu erdian txuri-urdinek lau gol egin zizkioten Anaitasunari. Markagailuan alde handia izanagatik ere, Reala serio aritu zen 90 minutuetan, eta hala, gorritxoei zaila egin zitzaien gola egitea. Dena den, txukun aritu ziren zapatuan Barquerorenak.
Datorren asteburuan, Sestao Riverren aurka jokatuko du Anaitasunak, Sestaoko (Bizkaia) Galindo zelaian, 18:30ean hasita. Anaitasuna hamabigarrena da gaur-gaurkoz 31 punturekin, eta Sestao River hamabosgarrena da, hogei punturekin. Jaitsiera postuak guztiz ahazteko lehia izango dute gorritxoek aste honetan.
Gizonak ere pattal
Anaitasunako gizonek ere porrot mingarria jaso zuten atzo, igandea, Lesakan. Neurketaren hasierako minutuetan parekotasun handia izan zen berdegunean, eta ondorioz, oso aukera gutxi. Nolanahi ere, minutuek aurrera egin ahala lehia pizten hasi zen, bi taldeak hasi ziren-eta aurkariaren atera ailegatu eta aukerak sortzen. Asmatu zuena, ordea, etxeko taldea izan zen. 37. minutuan egin zuten bat eta hutsekoaren gola lesakarrek, gorritxoei partida maldan gora jarriz.
Atsedenalditik bueltakoa guztia, baina, okerragoa izan zen Anaitasunarentzat. Berdegunera itzuli eta lau minutuan, nafarrek bigarren eta hirugarren golak egin zituzten, eta hala, partida ebatzita utzi zuten jokatzeko 40 minutu falta zirela. Saiatu ziren Azkoitikoak aldea murrizten, baina ate aurrean etxekoak baino kamutsago azaldu ziren Barbadorenak Lesakan. Etxekoek, berriz, ez zuten barkatu, eta beste bi gol egin zituzten; 70. minutuan egin zuten laugarrena eta arauzko denbora amaitzeko bi minuturen faltan, penaltiz, bosgarrena.
Anaitasuna sailkapeneko bederatzigarrena da orain, 35 punturekin; ez gora eta ez behera gelditu dira gorritxoak denboraldia amaitzeko bederatzi jardunaldiren faltan. Datorren asteburuan, Tolosa hartuko du Anaitasunak etxean; zapatuan jokatuko dute lehia Txerloian, 17:00etan hasita.