Kirola, festa eta kultura batuz jokatuko da aurtengo 32. Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren oroimenezko nazioarteko maratoi erdia. Martxoaren 29an, larunbatarekin, izango da 16:30ean Azkoititik irtenda. Egun berean, 8 kilometroko 13. Lasterketa Motza jokatuko dute, 16:15ean. Bi probetan parte hartzea nabarmena izango dela adierazi du Agustin Jimenez Xeye atletismo taldeko kideak eta probaren antolatzaileak. Izan ere, dagoeneko maratoi erdirako 1.065 kirolarik eman dute izena, eta proba motzerako atera dituzten 600 dortsalak agortu egin dira. Emakumeen parte hartzea ere azpimarratzekoa da, antolatzaileen arabera: "Proba motzean izena eman duten gehienak emakumeak dira, %55a. Maratoi erdian, berriz, %20 dira emakumeak".
Bi udalerri lotzen dituen eta Gipuzkoan antolatzen den maratoi erdi "zaharrena" da Azkoitia-Azpeitia, eta hori hala izan dadin laguntza ematen duten guztiak eskertu dituzte antolatzaileek: "Babesle, laguntzaile eta boluntario guztiak eskertu nahi ditugu. Haiek gabe ez litzatekelako posible izango bi kirol proba hauek aurrera egitea". Igor Isuskiza eta Jon Otaegi Azkoitiko eta Azpeitiko kirol zinegotziek ere bi udalen izenean eskerrak eman zizkien bai lasterketaren antolatzaileei, bai boluntarioei eta parte hartzen dutenei ere.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak World Athletics bereizgarria izango du Road Race Label mailan, eta eliteko, afizionatu mailako nahiz korrikalari herrikoiak batuko ditu 32. edizioan ere, eta horretan azpimarra egin dute probaren antolatzaileek eta babesleek. "Maila guztietako atletentzako modu lasterketa da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Esaterako, elite mailan dabiltzanentzako edota federatutakoentzako beren denbora marka jartzeko aukera bat da, eta lasterkari herrikoientzako, berriz, beren erronka pertsonala betetzeko modu bat", azaldu du Jimenezek. Aurten ere erbi lanetan ariko dira hainbat korrikalari, 1:20:00 eta 02:00:00 denbora artean maratoi erdia bukatzeko.
Trikitilariak omenduz
Korrikalarien hauspoak bakarrik ez dira beteko martxoaren 29an, izan ere kirola trikitiarekin lotuko du aurtengo Azkoitia-Azpeitiak. Lasterketari lotuta antolatzen duten Running Festaren bigarren edizioa Erromerian lelopean egingo dute. Urola Erdia trikitiaren sehaska dela kontuan hartuta. "Diego Garcia Azkoitian maitatua eta maratoiak egiten aitzindaria izan zen. Hura omenduz antolatzen dugu urtero lasterketa, baina Urola Erdian trikitilari handiak ere izan dira, herriaren bihotzetik sortutako doinuak mundura zabaldu dituztenak. Hala, Trikigirorekin elkarlanean, aurtengo maratoi erdiaren edizioan eskualdeko trikiizaletasun oparoari gorazarre egingo diogu", azaldu du Xeyeko kideak. Modu horretan, kanpotik maratoi erdira datozenei bertako kultura ezagutzeko eta gozatzeko aukera eskaini nahi diote.
Azkoiti-Azpeitiko atletismo taldearen gonbidapena "gustura" jaso du Trikigirok, "ohore bat" dela esan du talde horretako kide Haritz Garmendiak. Horrekin batera, Diego Garciari bailarako hainbat trikitilarik eskainitako kantuak ekarri ditu gogora; esaterako, 1994an Laja eta Landakandak eskainitakoa edota Epelde eta Larrañagak disko batean jasotako kanta bat atleta azkoitiarrari aipamena eginez. "Beraz, maratoi erdiak eta trikitiak badute elkarrekin topagune berezi bat", adierazi du Garmendiak.
Erromerian lelo hartuta, maratoi erdiaren egunean, trikitilariek kalejira egingo dute eguerdian Azkoitian eta 16:00etan probaren irteerako omenaldi ekitaldian ere parte hartuko dute trikitilariek.
Running Festaz gainera, bisita gidatuak ere antolatu dituzte aurtengoan Iraurgi Berritzenekin elkarlanean. Loiolako Santutegia eta Diego Garciaren eskulturara egingo dituzte bisitak, martxoaren 29an, 11:00etan. Bi bisita izango dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharra daukate 688 75 94 29 telefono zenbakira deituta.
0 dortsala, minbiziaren kontra
Lasterketa motzerako dortsal guztiak bukatuta daude, baina Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako izen ematea zabalik dago martxoaren 27ra bitartean. Izena rockthesport.com webgunean eman behar da, martxoaren 20ra arte federatutakoek 30 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko eta federatu gabeek 33 euro. Hilaren 20tik 27ra artean, berriz, federatuek 33 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 36 euro.
Aurten, gainera, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari laguntzeko keinua egitea erabaki dute maratoi erdiaren antolatzaileek. Horretarako, 0 dortsala sortu dute, eta elkartearen aldeko dohaintza egin nahi dutenek horretarako aukera izango dute rockthesport.com webgunean. Minbiziaren aurkako elkarte horrek Azpeitian ere egoitza du. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta eskaintzen dituen zerbitzuak doakoak dira.
Martxoaren 29ko egitaraua:
Bi lasterketaz gainera, egun osoan zehar ekitaldiak antolatu ditu Xeye atletismo taldeak, Iraurgi Berritzenekin, Trikigirorekin eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin elkarlanean.
- 11:00. Bisita gidatuak, Loiolako Santutegira eta Diego Garciaren eskulturara. Doan da parte hartzea. Izena emateko 688 75 94 29 telefono zenbakira deitu behar da.
- 12:00. Trikitilarien kalejira, Azkoitian.
- 16:05. Diego Garcia, Alejandro Gomez eta Jone Basterra atletei omenaldia, eta beren familiei dortsalak emateko ekitaldia, Azkoitian.
- 16:15. Lasterketa motzaren irteera. Suziria Trikigirokoek botako dute. Azkoitian.
- 16:28. Gurpildun atleten irteera, Azkoitian.
- 16:30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren irteera, Azkoitian.
- 17:45. Sari banaketa, Azpeitian Loiola hotelaren aurrean.