Krepeak eginez, ingelesean trebatu

Andoni Elduaien 2025ko mar. 14a, 08:02

Herritarrak krepeak prestatzen Elkargunean. (Udala)

Atzo, sukaldearen bueltan ingelesa praktikatzeko aukera izan zuten hainbat lagunek. Dena den, maiatzera bitartean beste lau saio ere egingo dituzte. Saio batean, bidaietan baliagarria den hiztegia landuko dute, eta bestean, kafe baten bueltan ingelesez hitz egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Ingelesa "modu atseginean eta aisialdian" praktikatzeko asmoz, Azkoitiko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu aurten ere Come & enjoy! izenpean. Atzo, osteguna, egin zuten aurreneko saioa. Elkarguneko sukaldean elkartu ziren atzo arratsaldean hainbat herritar, eta krepeak egiten aritu ziren, ingelesa praktikatzen zuten bitartean; izan ere, atzo Pancake day izeneko saioa egin zuten han Roanna Larsen galestarrak zuzenduta.

Dena den, atzokoa ez zen Come & enjoy! egitasmoko azken saioa izan. English for travel izeneko jardueraren bi saio ere eskainiko dituzte martxoaren 17an eta apirilaren 3an, Gaztanenea formazio zentroan. Saio horietan, parte hartzaileek beren bidaien esperientziak partekatuko dituzte, eta aireportuetan, hoteletan edota jatetxeetan erabilgarria den hiztegia landuko dute. Bi egun horietan, bi ordutegi izango dituzte aukeran: 16:30etik 18:00etara edo 18:30etik 20:00etara bitartean. Saio hori irekia izango da.

British tea party  izeneko hitzorduak ere zehaztu ditu, ordea, udalak; tea dastatuz solasaldia izateko aukera emango du saioak. Apirilaren 28an egingo dute lehen saioa Gaztanenean, eta maiatzaren 8an, bigarrena. Aurrekoan bezala, parte hartzaileek bi ordutegi izango dituzte aukeran egun bakoitzean: bata, 16:30etik 18:00etara, eta bestea, 18:30etik 20:00etara. Azken saio horiek ere irekiak izango dira herritarrentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide