Berdinki zirku garaikide konpainiak Leinu ikuskizuna eskainiko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian. Berdinki konpainiak gorputzen oreka-desoreka jokoekin gonbidatuko ditu ikus-entzuleak gurasotasunaren inguruko gogoeta intimoa egitera; izan ere, elkarrekin bizi ametsa betetzen ari direla ohartu gabe dauden 40 urteko bikote batean oinarrituko dute haiek ikuskizuna. Hain justu, parez pare jarriko dituzte guraso izateko nahiak bikote horrengan piztu duen krisi egoera sortu duten zalantzak eta beldurrak.
Irati Gonzalezek eta Koldo Arakistainek osatzen dute Berdinki konpainia. Bikotea 2017. urteaz geroztik dabil proiektu ezberdinetan elkarlanean; besteak beste, Asvinenea arte eszenikoen laborategian, Gure Zirkuaren lehen bi biretan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) Musika gela egitasmoan eta Oreka TXren Xarma ikuskizunean. Dena den, Gonzalezek eta Arakistainek ez zuten sortu konpainia 2019. urtera arte. Urte horretan bertan aurkeztu zuten Mikra izeneko lehen lana, Hendaian.
Saioetan, bereziki, generoa, rolak eta botere harremanak izan ohi dituzte hizpide. "Feminismoaren korrontetik gertu kokatzen dugu geure izaera indibiduala. Berdintasuna oinarrizko baliotzat hartuta saiatzen gara erlazionatzen gure ingurukoekin eta ingurunearekin. Horregatik = ikurrarekin identifikatzen gara. Ordea, berdintasuna ez genero alorrean bakarrik, hitzaren zentzu zabalenean hartuta baizik, hala nola arrazan, mailako ekonomikoan, adinean, altueran, gaitasunetan eta orientazio sexualean. Azken finean, bizitzaren aberastasuna aniztasunean datzala uste dugu, eta aniztasun horretan denok gara berdinak".
Sarrerak Entradium atarian daude salgai, 10 euroan. Honako lotura honetan eskuratu daitezke.