Zimenduak kolokan

Etxe hutsak, betetze bidean

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 13a, 10:59

Elizkaleko hainbat etxe. (Urtzi Oteiza)

Azpeitiko Udala Euskal Herriko aurrena izan da etxebizitza hutsei kanona ezarriko diela iragartzen, eta izan duen erantzunarekin pozik da erakundea.

Hilabete eta erdi da Azpeitiko Udalak etxe hutsei kanona ezartzeko aukera iragarri zuela, eta neurriak izandako harrerarekin "gustura" daude Nagore Alkorta herriko alkatea eta Iñaki Zabaleta Etxebizitza Bulegoaren arduraduna. Biek ala biek bazekiten "ez zela neurririk populistena", eta espero zituzten kontrako erreakzioak ere, baina orain arte erabat erantzun ezkorrik ez dutela jaso baieztatu dute. Kontrara, kanonaren iragarpenak herrian mugimendua sortu duela diote, jendea gaiaz hizketan ari dela, eta hori bera, besterik gabe ere, baikortzat jo dute.

Bi urtez jarraian hutsik dauden herriko etxebizitzei kanona ezartzeko aukera ez dute egun batetik bestera erabaki; Alkortak azaldu du aspalditik zerabiltela ideia buruan. "2015ean onartu zuten Etxebizitza Legeak aipatzen zuen aurreneko aldiz etxe hutsei kanona jartzeko aukera, baina lege bat egin ostean, hura garatu egin behar da, eta lege hura Eusko Legebiltzarrak onartu zuen arren, EAJk kontra bozkatu zuen". Neurri berritzailea zela azaldu du alkateak, eta "inork ez zuen indarrean jartzeko izpirik ematen", ezta hura martxan jartzeko bultzada seriorik ere. "Izan ere, 2021eko garapenak kanona ezartzea aukerako utzi zuen".

Azpeitiko Udalak, baina, Etxebizitza Planean jaso zuen kanonaren aukera. "Ordurako etxe hutsei errekargua ezartzen genien, eta atea zabalik utzi genion kanona ezartzeari". Gaia aztertzen eta gauzak nola egin erabakitzen denbora asko pasatu dutela onartu du alkateak. "Orain iragarri dugu kanona ezartzeko aukera, baina lanketa askoz lehenagotik eginda geneukan".

Adibidez, etxe bat hutsik dagoen erabakitzeko irizpideak zehaztu behar izan dituzte. "Guk uraren kontsumoa hartu dugu irizpidetzat, eta aplikazio baten bidez ibili gara etxe hutsak atzematen", zehaztu du Alkortak. "Horrez gain, prozedura administratiboa ere jantzi egin behar izan dugu, baita Etxebizitza Bulegoak hori guztia kudeatzeko baliabideak izango dituela bermatu eta ziurtatu ere".

Helburu bat eta bakarra du kanona ezartzeko aukera iragartzeak: etxe hutsak merkatura ateratzea. "Hala ere, uste dugu kanonaren ezarpenarekin pedagogia lan bat ere ari garela egiten, herritarrak benetan jabetu daitezen etxe bat hutsik izateak zer ondorio dituen gizartean", azaldu du Alkortak. "Noraino iritsi behar dugu? Ez dugu guk esaten, legeak dio etxe bat bi urtez jarraian hutsik badago, etxe horrek ez duela betetzen dagokion funtzio soziala. Kanona ezarri aurretik eskura ditugun baliabide guztiak eskainiko dizkiogu herritarrari, baina artean ere ez badu urratsa egin nahi... Bizi proiektuak daude jokoan", adierazi du, zorrotz.

Etxe hutsak izateak herriari kalte egiten diola garbi du alkateak, eta datuak ere baditu esku artean: Eustaten 2023ko datuen arabera, 6.326 etxebizitza daude Azpeitian; horietatik 5.890 ohiko etxebizitzak dira, eta gainerakoak hutsik daude, bigarren etxebizitzak dira edo beste erabilera batzuk dituzte. Hau da, Azpeitiko etxebizitzen %9 inguru hutsik daude. Alokairurako etxebizitzen eskaera handia da, bestalde; Azpeitian etxe bat alokatzeko 553 eskaera daude Etxebiden, merkatu librean alokairu bila ari direnak kontuan hartu gabe. Alokairurako etxeen eskaintza, berriz, "oso txikia" da.

Kasuak eta kasuak

Iñaki Zabaleta Etxebizitza Bulegoaren arduradunaren esanetan, urtarrilaren 27an hasi ziren etxe hutsen jabeei gutunak bidaltzen, etxebizitza berrienen jabeetatik hasita. Horiek hilabeteko epea dute Etxebizitza Bulegora joateko –Enparan kalea 34, behea–, beren etxearen egoeraren berri ematera eta merkaturatzeko aukerei buruz hitz egitera. "Gutuna jaso dutenak ari dira bulegora etortzen, baina jaso ez dutenak ere bai. Bateren bat sartu da haserre samar, baina gurekin egon ostean, beste jarrera batekin irten da bulegotik". Neurria iragarri eta aurrena bulegora joan zitzaiena, esaterako, duela hiru hilabete etxea hutsik gelditu zitzaion herritar bat izan zela azaldu du, etxean izan zituenek hura nola laga zuten atsekabetuta gainera, eta Bizigune programaren inguruan informazioa eskatu zuela azaldu du. "Hori bera oso baikorra iruditzen zaigu".

Beste hainbat, berriz, beren etxebizitza hutsik ez dutela erakusten duten agiriekin joan zaizkie bulegora. "Horrelako kasuak ere asko izango dira, eta horren jakitun gara. Esate baterako, bakarrik bizi diren gazteak edo kanpoan lan egiten dutenak, uraren gutxieneko kontsumora iristen ez direnak; horiek lasai egon daitezela, ez dutelako kanonik ordaindu beharko". Hori bai, etxebizitza batean norbait bizi dela ziurtatzeko "ez da nahikoa izango" han norbait erroldatuta egotea, eta etxea alokairura bideratzeko aukerak aztertu ostean, hala eta guztiz ere etxea hutsik mantentzea erabakitzen dutenek ordaindu beharko dute kanona: metro koadroko 10 euro urtean, eta %10eko igoera aplikatuko diete hurrengo urteetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide