Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren aurtengo lehen hitzorduan, ibilaldia Aizarna ingurura

Andoni Elduaien 2025ko mar. 19a, 09:04

Santa Engrazia ermita ingurua. (Mendikat)

Anaitasuna mendi bazkunak datorren zapatuan egingo du egitasmo horren aurtengo lehen irteera. Aizarna ingurura egingo dute irteera, baina Zestoara autobusez egingo dute bidaia, 07:45eko autobusa hartuta.

Anaitasuna mendi bazkunak Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoko aurreneko hitzordu du datorren zapatuan, martxoak 22. Aizarna ingurua ezagutzeko 14 kilometroko –600 metroko desnibel positiboa–mendi ibilaldia egingo du mendi taldeak. Hain justu, Zestoa, Ertxina koba, Santa Engraziako ermita, Aizarna, Akua eta Zestoa lotuko dituzte mendizaleek.

Edonork izango du irteeran parte hartzeko aukera, doakoa baita parte-hartzea. Mendi ibilaldia egin nahi duenak, zapatuan Aizkibel liburutegiaren alboko autobus geralekura agertu beharko du 07:45erako; izan ere, Anaitasuna mendi taldekoen asmoa da ordu horretako lineako autobusa hartzea Zestoara joateko.

Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoko bigarren irteera apirilaren 5ean, larunbatez, egingo dute. Bigarren hitzordu horretan Karakate eta Irukurutzeta mendietara egingo dute ibilaldia. Aurrerago jakinaraziko dute irteera horri lotutako informazioa. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide