World Athletics-en ziurtagiria jaso du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 12a, 12:19

Iazko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren une bat.

Lasterketen kalitate eta antolakuntza maila altua bermatzen duen Road Race Label ziurtagiria jaso du Azpeitia-Azkoitia maratoi erdiak. Maratoi erdiaren 32. edizioa martxoaren 29an, larunbatez, izango da.

Martxoaren 29an jokatuko den 32. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak World Athletics-en Road Race Label ziurtagiria jaso du. Horrekin, halako lasterketen maila gorena berretsi du probak, eta Gipuzkoan aitortza hori jasotzen duen errepideko lasterketa bakarra bihurtu da.

World Athletics-en ziurtagiria lasterketaren kalitate eta antolakuntza maila altuaren zigilua da, nazioarteko estandar zorrotzak betetzen direla egiaztatzen baitu.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 32. edizioa martxoaren 29an, larunbatez, izango da. Diego Garcia zenaren omenez egiten den lasterketaren dortsalak amaitzear daudela jakinarazi dute ohar batean antolatzaileek; hain zuzen, 25 dortsal baino ez dira geratzen lasterketa motzerako, eta 125, berriz, luzerako. Horrenbestez, parte hartu nahi dutenak ahalik eta azkarren izen ematera deitu dituzte antolatzaileek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide