Martirietara igoera uztailaren 5era aurreratu dute, eta proba korrika ere egin ahal izango dute herritarrek

Julene Frantzesena 2025ko mar. 12a, 07:51

2023ko Martirietako igoerako irudi bat.

Aurreko edizioetan Andremari jaien atarian egin izan dute lasterketa, baina aurten hilabete eta erdi inguru lehenago egingo dute. Herritarrek bi modalitatetan parte hartu ahal izango dute igoeran: bizikletan edo korrika. Azkoitri triatloi taldea batu da, Jokin Ormaetxea txirrindulari taldearekin batera, antolakuntza taldera.

Andremari jaien atarian egin izan duten Martirietara igoera hilabete eta erdi inguru lehenago egingo dute aurten: uztailaren 5erako, larunbata, jarri dute hitzordua.

Aurtengoa probaren XVII. edizioa izango da, eta data aldatzeaz gain, modalitateetan ere izango da berrikuntzarik; izan ere, txirrindularientzat izan ohi den probaz gain, lasterkarientzat beste lasterketa bat ere izango da.

Martirietako igoera Jokin Ormaetxea txirrindulari taldeak antolatu du urtez urte, eta aurten, Azkoitri triatloi taldea ere batu da zeregin horretara. Antolatzaileek esan dutenez, laster emango dute proben gaineko informazio gehiago.

Orain arteko edizioetan Txalon Errekatik abiatu izan dira txirrindulariak Martirietara; 3,7 kilometroko bidea osatu izan dute auzoko plazara iristeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide