Gutuna

Martxoaren 13an, gorakada erreakzionarioen aurka

Ricardo Gomez (Ikasle Abertzaleak) 2025ko mar. 11a, 12:48

Ikasle Abertzaleak taldeak Azpeitin eginiko protesta baten artxiboko irudia.

Ricardo Gomez Ikasle Abertzaleak taldeko kideak martxoaren 13ko grebaren harira idatzi duen gutuna da honakoa.

Datorren Martxoaren 13an, ikasleok, gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileon interesen alde, Euskal Herriko kaleak hartuko ditugu. Izan ere, bi arazo handik zeharkatzen dute hezkuntza sistema kapitalista: batetik, gizarte osoan zehar hedatzen ari diren ideia erreakzionarioak hezkuntzara ere iritsi dira. Bestetik, ikasle langileon egoera urtez urte okerrera doa.

Greba egin eta mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu, ikasleria aktibatu eta ikasleon artean matxismoaren eta arrazakeriaren aurkako kontzientzia hedatzeko. Bestetik, Ikasle langileon interesen aldeko borrokak pizteko ikastetxe eta kanpusetan.

Urgentziazkoa da hezkuntzaren gorakada erreakzionarioari aurre egitea, hezkuntza eredu klasista eta segregatzaileari aurre egitearekin batera. Ideia zein jarrera erreakzionarioak, matxistak nahiz arrazistak normalizatzen ari dira kalean, sare sozialetan edota instituzioetan, eta hezkuntza ez dago tendentzia sozial horretatik salbu.

Sare sozialetako pertsonaiek nahiz eskuin muturreko alderdi politikoek bultzatuta, azken hilabeteetan argi ikusi dugu matxismoaren eta arrazakeriaren presentzia nabarmen igo dela, baita hezkuntzan ere. Esaterako, indarkeria matxista kasuei dagokionean, aspaldiko ikasturte okerrena ari da izaten; Urretxindorran, Eunaten, Hirubiden, Arrigorriagan, Botikan, Lekeition, Gasteizen, Zizurren edota Irunen gertatutakoek erakutsi bezala.

Baina baita unibertsitatean ere, non irailean Leioako kanpusetik irakasle faxista bat kanporatu behar izan genuen borrokaren bidez, eta non ia astero propaganda arrazista agertzen den.

Ezin dugu ideia hauek guztiak normalizatu daitezen utzi, ikasleok gorakada erreakzionarioaren aurkako agente aktiboa izan behar gara, hezkuntzan matxismoak edota arrazakeriak ez baitauka tokirik.

Beste alde batetik, ikasle langileok hezkuntzan dugun egoera urtez urte okerrera doa. Inbertsio publikoaren faltan, ratioekin, azpiegiturekin edota bestelako zerbitzuekin gero eta arazo gehiago ditugu, eta egoera horretatik kaltetuenak ikasle txiroenak dira beti.

Klasismoak dakarren segregazioa arazo larria bilakatzen ari da herri nahiz hiri askotan. Gainera, diziplinamenduan eta ikasleon kontrolean oinarritzen diren neurriek gero eta pisu handiagoa dute derrigorrezko bigarren hezkuntzan eta batxilergoan: ikasleak zigor eta debekuen bidez otzanduz, eskubide politikoak ukatuz, edota plataforma digitalen bidez uneoro ikasleak kontrolatuz.

Hori gutxi balitz, hezkuntza eredu honek ikasleok presio eta lan karga handietara kondenatzen gaitu. Unibertsitatean ere klasismoa eguneroko ogia dugu: enpresen eta unibertsitatearen arteko harremana estutzen ari den bitartean, ikasle langileok gero eta baldintza kaxkarragoak baititugu.

Norabide arriskutsua hartu du unibertsitateak, izan ere, enpresek etekin ekonomikoak ateratzen dituzte harreman horretatik, eta esku hartze gero eta handiagoa dute unibertsitateko agendan. Horren adibide muturrekoa da Israelgo enpresa nahiz ikerketa zentroen bitartez formakuntzak egin izana.

Horrez gain, unibertsitatea garestitzen ari da zuzenean eta zeharka: langile familion gaitasun adkisitiboa gutxitzen ari den bitartean, matrikulak garestiagoak eta bekak kaxkarragoak direlako.

Lanbide Heziketan ere arazoak handitzen ari dira: Lanbide Heziketen plan berriak enpresak eta enpresarien interesak lehenesten ditu, ikasleoi kalte egiten digun bitartean.

Aski da! Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi! Eta normalizatzen ez uzteko aukera nagusia ikasleok horren aurka borroka egitea da.

Horrekin batera, hezkuntza sistema sozialistaren beharra aldarrikatuko dugu greba honetan. Izan ere, langileon kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza ez da inoiz ikasleon formakuntza eta garapen askerako espazioa izango, enpresari eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile nahiz autoritarioagoa baizik.

Horregatik guztiagatik, Azpeitia, Azkoitia eta Zestuko ikasle guztiei martxoaren 13ko ikasle grebara batzeko eta Donostiko Ibaetako aulariopetik hasiko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide