Azkoitian jokatuko dute buruz buruko pilota txapelketaren final zortzirenetako kanporaketa bat

Andoni Elduaien 2025ko mar. 11a, 11:08

Iaz Altunak bere ibilbideko hirugarren txapela lortu zuen. (Aspe)

Pilotari profesionalen buruz buruko txapelketaren final zortzirenetako kanporaketa bat Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dute apirilaren 4an, ostiralez. Txapelketa aurkeztu ez dutenez, oraindik ez dituzte jakinarazi zein ariko diren lehian Azkoitian. Sarrerak eros daitezke dagoeneko.

Azken urteetan hainbatetan hasi dira pilotari profesionalen txapelketak Azkoitian, eta pilotariei egutegian egokitzen zaien hurrengoa ere ez da horretatik salbuetsiko; izan ere, apirilaren 4an, ostiralez, Gurea pilotalekuan jokatuko dute buruz buruko pilota txapelketaren final zortzirenetako aurreneko kanporaketa, 20:45ean hasita.

Pilota enpresek oraindik ez dute txapelketa aurkeztu; binakako txapelketa amaitu bezain laster egingo dute aurkezpena. Hori horrela izanda, oraindik ez dituzte jakinarazi zein pilotarik osatuko duten apirilaren 4ko jaialdia Azkoitian.

Hala eta guztiz ere, Azkoitiko hitzordurako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke horiek, 20 eta 35 euro bitartean. Hain zuzen, kantxako sarrerek dute 35 euroko prezioa, eta erreboteko nahiz goiko solairuko sarrerek 20 eurokoa. Dagoeneko hasi da sarrera mugimendua, kantxan salduta baitaude horietako batzuk.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide