Euskal musikak eta dantzek hartuko dute Kontzejupea igande eguerdian

Andoni Elduaien 2025ko mar. 13a, 09:00

Hiru pandero jotzaile, iaz. (Ane Olaizola)

Bizkargi musika eta dantza eskolak XXIV. Taldez Talde emanaldiak abiatuko ditu datorren igandean. Datozen hiru igande eguerdietan (12:30) izango dira emanaldiak, Kontzejupean. Lehen hitzorduan, euskal musikak eta dantzak izango dira protagonista.

Datorren igandean, hilak 16, hasiko dira Bizkargi musika eta dantza eskolaren XXIV. Taldez Talde emanaldiak. Martxoa osatzeko falta diren hiru igandeetan izango dira ikuskizunak Kontzejupean, 12:30ean hasita. Hain justu, lehen hitzorduan euskal musika eta dantzak aurkeztuko dituzte eskolako kideek. 

Trikitilari, pandero jotzaile, txistulari eta dantzari gazteak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte herritarrek igandean. Guztira, 30 neska-mutilek parte hartuko dute emanaldian, eta honako hau izango da haien egitaraua: Iluntzean abestia, fandangoa, Adelita abestia, porrusalda, Ilargi berriak abestia, Azkaindarrak dantza, Uztai txiki, Zurekin batera abestia, Iruñeako Trokeo dantzak, Imotzeko esku dantza, Iturengo zortzikoa dantza eta Azkoitiri abestia.

Hilaren 23an, berriz, Azkoitiko Musika Banda eta Bizkargi Banda Gaztea izango dira oholtzan, eta hilaren 30ean, aurtengo azken saioan, Iraurgi eta Bizkargi abesbatzen emanaldia izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide