Zimenduak kolokan

Tentsio unea baretzea dute xede udalek

Andoni Elduaien 2025ko mar. 11a, 09:46

Azkoitiko plaza eta Alde Zaharra, airetik. (Filmsuri)

Azkoitia, Zestoa eta Zumaia tentsio handiko eremu izendapena lortzeko prozeduretan murgilduta daude egun.

Alokairu prezioen igoerak ezintasuna sortu du herritar askorengan, eta erakundeek esku hartzea erabaki dute. Espainiako Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legeak jasotzen du alokairuen prezioen igoera balaztatzeko neurri bat: tentsio handiko eremu izendapena. 

Eusko Jaurlaritzak bi irizpide erabili zituen udalerriei izendapen hori emateko, eta bietakoren bat betez gero, izendapena lortzeko aukera eskaini zien: baldintzetako bat da alokairuen prezioen igoerak azken bost urteotan KPI gehi hiru puntu gainditu izana –kasu honetan, %17koa baino handiagoa izatea–; eta beste baldintza da alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuek etxeko diru sarreren %30 gainditu izana. Urola Kostan, Azkoitiak, Zestoak eta Zumaiak betetzen dute izendapena jasotzeko baldintzaren bat. Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordearen arabera, hiruretan alokairuen prezioen azken bost urteotako igoerak gainditu egin du KPI gehi hiru puntuko langa.

Zumaian dute aurreratuen izendapenaren kontua. Urtarrileko azken astean argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) herria tentsio handiko eremu deklaratzeko azken prozedurari hasiera emango zion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailaren agindua. Izendapena indarrean jarri ahal izateko, iragarkia Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zain daude. De los Toyosek adierazi du Eusko Jaurlaritzak "erabateko eskumena" duela halako izendapen bat izapidetzeko eta onartzeko, baina agindu horren eragin juridikoak Espainiako Aldizkari Ofizialaren argitalpenak berresten dituela. "Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar izaten da ebazpena; izan ere, tentsio handiko eremu batek dituen ondorio juridikoek, batez ere alokairuarekin zerikusia duten gaiei eragiten dietenek, Hiri Errentamenduen Legeari (HEL) eragiten diote, eta lege hori Espainiako Estatu mailakoa da", dio sailburuordeak. 

Miguel De los Toyos, Hirigintza sailburuordea: "Alokairuak eta horien mugak arautu ahal izango dituzte herriek"

Ebazpena zein egunetan iritsiko zain, Zumaiako Udalak Jaurlaritzarekin bilera egitea eskatu du, izendapena onartu ondoren herritarrek juridikoki hura nola baliatu ahal izango duten argitu ahal izateko. Udaleko iturrien arabera, "egunotan" bilduko dira bi erakundeetako ordezkariak. Izendapena jasota, batetik, etxebizitzen alokairuen egoeran eragiteko oinarri juridikoak jasoko ditu Zumaiak. Hain justu, izendapenarekin lortu nahi dute alokairuan bizi direnei babesa ematea. "Izendapena jasota, alokairuak eta horien mugak arautu ditzake herri batek, eta beraz, nolabaiteko babesa ematen dio etxebizitza baten maizterrari", dio sailburuordeak.

Zestoa, bidean

Bestalde, Zestoan hasia dute eskaera egiteko prozesua. Iaz iragarri zuen hango udalak Jaurlaritzari eskaera egingo ziola, eta Mikel Arregi alkatearen arabera, "Aste Santuaren aurretik" espero dute eskaera ofiziala igortzea. "Dokumentazio guztia prestatzen ari gara, ekintza plana osatzen, hain zuzen ere. Hil honen amaierarako dokumentu hori osatuta eta amaitua izatea espero dugu", aurreratu du hark. 

Udalek herriaren diagnostikoa eta ekintza plana zehaztu behar izaten dituzte dokumentazio sorta horretan. Herriaren diagnostikoa egiterakoan, udalerria zer egoeratan dagoen adierazi behar izaten dute udalek. Aldiz, lanketa korapilatsuagoa da ekintza plana egitea, eta De los Toyosek dio Jaurlaritza "saiatzen" dela plan horrek izan behar dituen edukiekin udalei laguntzen. Eskaera egiteko prozesuan, Jaurlaritzak "laguntza, informazioa edota iritzia" helarazten dizkie udalerriei izendapenaren edukiei buruz. Halaber, sailburuordeak dio Eudeli ere igorri diotela prozesuan zehar udalek erabili ahal dituzten izapideak biltzen dituen dokumentua. 

De los Toyosek egindako kalkuluen arabera, Zestoak irailean jaso dezake izendapena. "Espainiako Aldizkari Ofizialak hiru hilean behin-edo egiten du halako kontuekin zerrenda, eta Zestoak izendapenaren eskaera Aste Santurako egiten badu, ekaineko edo iraileko zerrendan sar daitekeela iruditzen zait, betiere dokumentua ondo badago eta gutxi fintzea eskatzen badu. Zuhurtziaz jokatuta, iraileko zerrendan sartzeko aukera gehiago dituela uste dut".

"Onartzea, lehen pausoa"

Azkoitian ere aurreneko urratsak egiten ari da hango udala. Ana Azkoitia alkateak adierazi duenez, udalak 19.000 euroko diru partida jarri du aurtengo aurrekontuetan herriak tentsio handiko eremu izendatzeko prozedurari hasiera eman diezaion. "Izendapena gauzatzeko, protokolo bat jarraitu behar dugu udalok; Jaurlaritzari eskaera formala egiteaz gain, beharrezkoa da hainbat izapide egitea. Lanketa hori guztia egiteko jarri dugu diru partida", esan du alkateak. 

Udalak emandako datuen arabera, iazko urrian 448 lagun zeuden Etxebiden eskatzaile bezala izena emanda. Beste datu bat ere atera du erakundeak, ordea, hobariak eta errekarguak aplikatzerakoan: 381 etxebizitza huts zenbatu dituzte. 

Miguel De los Toyos, Hirigintza sailburuordea: "Zestoak irailean jaso dezake tentsio handiko eremu izendapena"

De los Toyos sailburuordeak adierazi "konponbiderako bidea egoera onartzeak zabaltzen" duela: "Udal batek onartzen badu etxebizitzaren gaian arazo bat duela, eta beraz, tentsiopeko udalerri bat dela, iruditzen zait egina duela egoera konpondu ahal izateko lehen urratsa". Haren arabera, zenbait udalek eskari ofiziala egin aurretik "zirriborro bat" bidali izan dute Jaurlaritzara, gaia bide onetik lantzen ari diren edo ez ikusteko. Eskaera ofiziala egiten dutenean, berriz, Jaurlaritzak dokumentazioa aztertzen du, eta guztia ondo badago, espedientea ireki. Sailburuordeak dio, "gutxi gorabehera", hiru hilabeteko iraupena izan ohi duela Jaurlaritzaren espedienteak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu behar izaten du izendapenak; herritarrek parte hartzeko prozesu bat zabaltzen da, baita ekarpenak eta alegazioak egiteko prozesua ere.

Lagunduz, egoera irauli

Izendapena jaso duten udalerrientzako "diru laguntza baldintzak hobetuz lagundu" nahi du Jaurlaritzak, "diskriminazio positiboa" eginda, Jaurlaritzaren xedea baita udalerri horiek lehenbailehen tentsio handiko eremu izateari uztea. "Garrantzitsua da udalerri batek bere burua tentsiopekotzat hartzea, hori baita autokritika edo hausnarketa egiteko lehen ariketa. Hortik abiatuta, neurri sorta bat martxan jartzea da asmoa; neurri horiek ekintza plana ardatz hartuta jarri behar dira abian, baina, aldi berean, baita izendapena jasotzeak dituen berehalako ondorio juridikoak baliatuta ere".

Horrez gain, izendapenaren eskaria egiteko prozesuan suertatzen diren gastuen zati bat Jaurlaritzak bere gain har dezan, aurrekontu partida bat ere sortua dute. "Normalean, gastua sortzen duten aholkularitza enpresak kontratatu ohi dituzte udalek halako prozesuetarako. Agindua egiteko dagoen arren, aurrekontu partida hori aurtengo aurrekontuetan txertatuta dago".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide