Boluntarioen babes sarea osatzeko saiakera eginez, Afagik formazio saioa eskainiko du

Ane Olaizola 2025ko mar. 10a, 10:55

Herritar talde batek antolatu du formazio saioa ostegunerako, eta horren helburua izango da alzheimerraren ondorioak jasan behar dituzten familientzako boluntarioz osatutako babes sare bat osatzea.

Herritar talde batek antolatuta, Afagi elkarteak formazio saioa eskainiko du datorren ostegunean Elkarguneko Oteiza aretoan, 15:30etik 17:30era artean. Alzheimerra duten pertsonek eta haien senide eta lagunek osatzen dute elkartea, gaitz horri lotutako azalpenak emango dituzte saioan.

Antolatzaileen arabera, formazio saioaren helburua da alzheimerraren ondorioak jasan behar dituzten familientzako boluntarioz osatutako babes sare bat osatzea herrian. Hain zuzen, saioaren ondoren taldea osatzen saiatuko direla aurreratu dute; "zer-nolako laguntza eman daitekeen ikusiko dugu", zehaztu dute.

Interesa duen oro joan daiteke formazio saiora, eta antolatzaileek azpimarratu dute saioan parte hartzeak ez duela "ezertara derrigortuko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide