Zuzendaritza berria du Plaza Ondo jubilatuen elkarteak

Ane Olaizola 2025ko mar. 11a, 11:56

Plaza Ondo jubilatuen elkartearen urteko batzar orokorra, larunbatean, Elkargunean (Plaza Ondo elkartea)

Urteko batzar orokorra egin zuen elkarteak larunbatean, eta zuzendaritza batzorde berria osatu zuten. Irailerako, bestalde, astebeteko bidaia prestatu du elkarteak, eta jubilatuek gaurtik eman dezakete izena.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen joan zen larunbatean, eta zuzendaritza batzordea berritu zuen saioan. Horrenbestez, Mari Carmen Merino izango da presidente berria, eta Irene Iturratek eta Mari Jose Murillok egingo dituzte idazkari eta kontabilitate lanak, hurrenez hurren.

Elkartearen esanetan, inoizko parte hartzerik handiena izan zuen larunbateko batzarrak, 73 lagun bildu baitziren Elkarguneko Oteiza aretoan. Horrez gain, aurtengo ekintza plana onartu zuten elkarteko kideek, baita iazko ekintzak zein diru kontuak ere.

Egindako irteerak eta datozenak

Irailerako, bestalde, bidaia bat prestatu du elkarteak; irailaren 14tik 20ra artean Azahar kostan egingo dute astebeteko egonaldia, eta hara joaten direnek Peñiscola, Castello, Ebroko delta, Morella, Benicassim eta Benicarlo bisitatuko dituzte. Bidaia horretara joateko izen-ematea gaur zabaldu dute, eta leku mugatua izango da, autobusa bete arte inskriba daitekeelako. 555 euroko prezioa du irteerak.

Horrez gain, elkarteak antolatuta, Asturiasen eta Kantabrian hainbat egun igaro zituzten ia 70 lagunek joan zen astean. Besteak beste, Gijon, Oviedo, Covadonga eta San Vicente de la Barquera bisitatu zituzten jubilatuek.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide