Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala kaleratu du Azkoitiko Udalak

Julene Frantzesena 2025ko mar. 8a, 10:44

Azkoitiko udaletxearen etxaurrea.

Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk onartu dute mozioa. Erakundeak hainbat konpromiso hartu ditu, gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzea helburu jarrita.

Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adierazpen instituzional bateratua kaleratu dute Martxoaren 8a dela eta.

Honako hau da mozioa:

"Gaur, 2025eko martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo adierazpenaren eta ekintza plataformaren adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide orria abian jarri zuten.

Ibilitako azken hiru hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da, eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun politiken araudi eta erakunde garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.

30. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen digu, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.

Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun politiken bermatu eta legitimatu egin du.

Euskal udalek genero berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko, Azkoitiko Udalak ondorengo konpromisoak hartuko ditu:

  • Sustapen egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, ea, ahal den neurrian, berdintasunerako politika publikoen kalitate estandarretara egokitzeko.
  • Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
  • Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
  • Tokiko arreta eta koordinazio protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
  • Herritarren artean indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
  • Ikuspegi feministatik egungo zaintza ereduak eraldatzeko tokiko prozesuak sustatzea.
  • Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide