Pirinioetara bi eguneko irteera antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak martxoko azken astebururako

Julene Frantzesena 2025ko mar. 9a, 08:32

Hainbat lagun, Pirinioetara otsailean egindako irteeran.

Martxoaren 29an eta 30ean, hurrenez hurren, Castillo de Acher (2.364 metro) eta Agüerri (2.249 metro) igoko dituzte. Izena emateko epea bihar, astelehena, irekiko dute, eta hilaren 21era arte izango dute herritarrek horretarako aukera.

Martxoaren bukaerarako Pirinioetara irteera antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak, negu honetan hirugarrenez. Martxoaren 29an eta 30ean, hurrenez hurren, Castillo de Acher (2.364 metro) eta Agüerri (2.249 metro) igoko dituzte.

Larunbatean joango dira mendizaleak Gabardito aterpetxera, eta autoak utzi ostean egingo dute lehen mendi irteera, hamahiru kilometrokoa. Igandean, berriz, hamalau kilometroko ibilbidea osatuko dute.

Neguko irteera izanik, Anaitasunak kranpoiak, pioleta eta kaskoa beharrezkoak direla adierazi du, beraz, materiala behar duenak elkarteko norbaitekin harremanetan jartzeko adierazi du.

Izena emateko epea bihar, astelehena, irekiko dute, eta hilaren 21era arte izango dute herritarrek horretarako aukera ETK informatika zerbitzuetan. Irteeran parte hartzeko beharrezkoa da federatuta egotea, eta Anaitasunak jakinarazi duenez, plazak mugatuak dira.

Irteeraren inguruko edozein zalantza izanez gero, anaitasunamb@gmail.com helbidera idazteko ere esan dute elkarteko ordezkariek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide