Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak zortzigarren Landaola sariak banatuko ditu datorren ostiralean, Zumarragako Azoka Plazan (11:00). Lau sari banatuko dituzte aurtengoan, eta erakunde publikoen sariak jasotzeko hautagaien artean da Azkoitiko Udala, Berdura Plazaren eraberritze proiektua tarteko.
Herriko plazan kokatuta dagoen eraikina 1903koa da, eta XVI. mendetik herritarren topagune izan da espazio hori. Ekoizleen topalekua ere izaten da asteko ia egun guztietan, eta bestelako ekintzetarako ere baliatu izan dute lekua.
Europako Next Generation funtsen laguntza tarteko, espazioa eraberritu zuen iaz Azkoitiko Udalak. Besteren artean, teilatu zati bat eta ateak berritu dituzte, irisgarritasuna eta argiztapena hobetu dituzte, eta ekoizleentzako mahaiak-eta aldatu dituzte. Etorkizunean barrualdea berritzea aurreikusten du erakundeak, "elkarbizitzarako espazio bat sortzeko eta bertako zein garaiko produktuen sustapena indartzeko".