Berdura Plazako eraberritze lanak, amaitzear

Andoni Elduaien 2024ko abe. 4a, 12:07

Irailean hasitako lanak amaitzear dira Berdura Plazan. Udalak azaldu du Next Generation EU funtsetatik jasotako diru laguntzarekin finantzatu beharreko lanak amaitu dituztela. Normaltasuna itzuli da, beraz, azokara, harako sarbide guztiak zabalik baitira.

Azkoitiko Berdura Plaza eraberritzeko lanak amaitzear dira. Udalak jakinarazi du bukatu dituztela Europako Batasunaren Next Generation EU funtsetatik jasotako diru laguntzarekin finantzatu beharreko obrak guztiak. Irailean hasi zituzten lanak gune horretan, eta orduz geroztik harako zenbait sarbide itxita izan badira ere, normaltasuna itzuli da azokara.

Hainbat lan egin dituzte azken bi hilabeteetan Berdura Plazan. Eraikina barrutik nahiz kanpotik pintatzeaz gain, estalkia berritu dute, sabaian zegoen fibrozementuzko plakak erretiratuz eta egurrezko egitura duen estalkia jarriz; lehendik zeuden ate metalikoen ondoren gidaridun ate automatikoak jarri dituzte azokarako lau sarreretan; instalazio elektrikoak berritu eta LED argiteria jarri dute gune osoan; eta azkenik, Ibaiondo kaletik azokara sartzeko zeuden eskailera mailen ondoan arrapala eraiki dute, gunea irisgarriagoa eginez.

Egurki eraikuntza enpresak egin ditu lanak, eta 596.193 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontua izan dute lanek. Nolanahi ere, proiektuaren zati bat Europako Batasunaren Next Generation EU funtsetatik jasotako diru laguntzarekin finantzatu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide