Bertsotan hasi dituzte Martxoaren 8ko ekitaldiak

Nerea Uranga 2025ko mar. 7a, 09:45

Martxoaren 8ari lotuta, atzo Elkargunean bertso saioa. (Azkoitiko Udala)

Alaia Martin, Julene Iturbe, Naia Arrizabalaga eta Eneritz Artetxe bertsolariak aritu dira kantuan udaleko Berdintasun arloak antolatutako saioan. Biharko, berriz, genErorAntz dantza ikuskizuna prestatu du. Urola Erdiko Itaiak, bere aldetik, bihar matxismoari aurre egiteko mobilizatzera deitu du.

Eutsi lortutakoari eta ekin aurrera! lelo hartuta antolatu ditu Azkoitiko Udaleko Berdintasun arloak Martxoaren 8ko ekitaldiak. "Gozatzetik haratago, hausnarketarako gonbidapena egiteko" antolatu ditu udalak bertso nahiz dantza saioak. Hezkidetza Foroaren barruan, Herrixen elkartearekin lankidetzan saltokietan Martxoaren 8ari lotutako kartelak zintzilikatuko dituzte, eta bihar, Kale Heziketako hezitzaile eta erabiltzaileek hamaiketakoa eskainiko diete azokako saltzaileei.

Udalak antolatutako bertso saioa atzo arratsaldean izan zen Elkargunean, eta bertan Alaia Martin, Julene Iturbe, Naia Arrizabalaga eta Eneritz Artetxe bertsolariek jardun zuten bertsotan, hainbat herritarren aurrean. Emakumeak izan ziren protagonista agertokian.


Atzo Elkarguneko bertso saioan bildutako jendea. (Azkoitiko Udala)

Biharko, Martxoaren 8rako, genErorAntz dantza ikuskizuna aurkeztuko du Kimua dantza kolektiboak. Baztartxo antzokian izango da emanaldia, 19:00etan hasita. Sarrerak eskuragarri izango dira bihar bertan antzokiko leihatilan eta aurrez Entradium atarian eskura daitezke.

Itaiaren mobilizaziorako deia

Bestalde, Martxoaren 8an mobilizatzera deitu ditu herritarrak Urola Erdiko Itaiak. Hala, bihar, 19:00etan, mobilizazioa egingo dute plazan, Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara lelo hartuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide