Aisialdian ingelesa praktikatzeko jarduerak antolatu ditu Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2025ko mar. 6a, 14:22

Bidaiari bat. (Freepick)

Sukaldaritza, bidaia eta bestelako solasaldiak oinarri dituzten hiru jarduera egingo dituzte datozen asteetan Gaztanenean zein Elkargunean. Herritar orok parte har dezake, eta doan izango dira saio guztiak.

Ingelesa "modu atseginean eta aisialdian" praktikatzeko asmoz, Azkoitiko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu beste urte batez datozen asteetarako, Come & enjoy! izenpean.

Zehazki, hiru jarduera antolatu ditu erakundeak: Pancake day, English for travel eta British tea party. Lehenengo ekintzan sukaldaritza izango dute oinarri, eta parte hartzaileek pancake pasteltxoak egiten ikasten duten bitartean, ingelesa praktikatzeko aukera izango dute. Martxoaren 13an izango da saioa, 16:00etatik 18:00etara, Elkarguneko sukaldean.  Horretarako, aurrez izena eman behar da 943-54 16 50 telefonora deituta, edo gaztanenea@azkoitia.eus helbidera idatzita.

Bestalde, English for travel izeneko jardueraren bi saio eskainiko dira Gaztanenea formazio zentroan. Saio horietan, parte hartzaileek beren bidaien esperientziak partekatuko dituzte, eta aireportuetan, hoteletan edota jatetxeetan erabilgarriak den hiztegia landuko dute. Martxoaren 17an eta apirilaren 3an izango dira saio horiek, eta egun horietan, bi ordutegi izango dituzte aukeran: 16:30etik 18:00etara edo 18:30etik 20:00etara bitartean.

Azkenik, British tea party "solasaldirako gonbidapena" da, eta tea dastatuz eramango dute aurrera saioa. Ekintza horren bi saio izango dira Gaztanenean: bata apirilaren 28an, eta bestea maiatzaren 8an. Aurrekoan bezala, parte hartzaileek bi ordutegi izango dituzte aukeran egun bakoitzean: 16:30etik 18:00etara bata, eta 18:30etik 20:00etara, bestea.

Udalaren esanetan, azken hamarkadan Gipuzkoan bizi den Roanna Larsen galestarrak eskainiko ditu saio guztiak. Doakoak dira ekintza guztiak, eta nahi duen orok parte har dezake. "Izugarrizko zortea dugu Hizkuntza Eskola Ofiziala bezalako zentro publiko bat herrian bertan dugulako, gazte, heldu eta adinekoei beste hizkuntza batzuk ikasteko aukera ematen diena. Hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko asmoz, udaletik ideia polita iruditzen zaigu hizkuntza-trebakuntza eta entretenimendua batzen dituzten bestelako jarduerak antolatzea", azaldu du Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide